Gaitasun desberdineko ikasleak

Erabiltzailearen aurpegia Gotzone Barandika (EHUko irakaslea) 2016ko ots. 5a, 08:30

Erakunde, alderdi politiko, hezkuntzako zentro, enpresa eta abarrekoek haien balioak aldarrikatzen dituzte, haien nortasuna definitu nahian. Hots, hezkuntzan erabiltzen den adierazle berria integrazioa da, eta berria dela esatean perspektiba historiko luzea hartu dut, noski. Antzina, esaterako, desgaitasunen bat zeukaten umeak ezin ziren eskolara joan. Egun, zorionez, derrigorrezko hezkuntzan bederen, ume guztiak doaz eskola berberetara. Aldi berean, desgaitasun fisiko edota intelektualak dituzten seme-alaben gurasoak beti dabiltza borrokan, oraindik ere asko falta delako benetako integrazioa lortzeko.

Hezkuntzaren kalitatea neurtzeko adierazle kuantitatiboak erabiltzen dira, eta horietako bat da zenbat ikaslek amaitzen duten derrigorrezko hezkuntza. Zer esanik ez, ehuneko hori ahalik eta altuena lortzeko zailtasunak dituzten ikasleei aukera, ibilbide, konponbide bereziak ematen zaizkie eskoletan eta institutuetan. Esfortzu handia egiten ari da hezkuntzan estatistikaren presiopean. Horri ere ondo deritzot.

Halere, gure ikasleen artean gaitasun altukoak ere badaude, eta horientzat ez dago ezer. Ikasle horiek ezkutuan geratzen dira eta, are txarrago, horietako batzuk emaitza akademiko txarrak lortzen ari dira. Ikasle horiek deskonektatzen dira aspertzen direlako eskoletan, eta ikasteko zailtasunik ez dutenez, inork ez die kasu egiten. Ikasle horien gaitasunak ez dira ondo garatzen beldurra diogulako batezbestekoa baino hobea denari. Horrekin ez gaude gustura. Orduan, elitismoaren mamua agertzen da, eta akabo! Ikasle horien talentua galtzeko prest dagoen gizartea nahi dugu? Hor uzten dizuet galdera…

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!