Agur eta Ohore Lomuri

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Gomez (Errugbi entrenatzailea) 2015ko aza. 27a, 08:30

Zeelanda Berriak munduko txapelketan egindako erakustaldiak utzitako gozotasunak ez du asko iraun, eta Jonah Lomu handiaren heriotzak zapore gazia utzi du errugbizaleon ahotan.


Nor dugu Jonah Lomu? Nire ustez errugbia modernizatu zuen gizona zen. Horrela esanda astakeria ematen du; nola dezake modernizatu jokalari bakar batek hain zabalduta dagoen kirola?

Bi arlo aipatuko ditut: jokoari dagokionez, aldaketa itzela ekarri zuen hegalean halako gizandia aritzea, 1,96 metro eta 120 kilo. Sasoi hartan, 90eko hamarkadan, jokalari handienak eta indartsuenak melean aritzen ziren, eta gainerakoak argalak eta trebeak ziren, are gehiago hegaletan jokatzen zutenak. Berak jokalari osoa, totala, islatzen zuen; ia postu guztietan joka zezakeen, indarra, teknika, abiadura, dena, zuen. Geroztik jokalarien fisionomia aldatu zen eta egun denak atletak dira.

95eko mundu txapelketan nazioarte mailan bere lehen agerraldia egin zuenean 20 urterekin, ikusleak txundituta utzi zituen. Batez ere,  finalerdietan lau entsegu egin zizkionean Ingalaterrari, halako batean ia talde erdia aise gaindituz. Jonah Lomu izar mediatikoa bihurtu zen.

Komunikabideetan ere arrakasta itzela lortu zuen. Egia esan, errugbiak izandako lehen izar mediatikoa izan zen. Kirol marka handienekin iragarki ikusgarriak egiten zituen, telebistan eta komunikabidetan asko agertu zen… Errugbiaz ezer ez zekitenek ere ezagutzen zuten. Mito bihurtu zen.

2002an, errebisio batean giltzurrunean gaixotasun gogorra ikusi zioten medikuek, ez zuen bere maila berreskuratu eta errugbia utzi behar izan zuen. Azken munduko kopan telebista baterako aritu zen kazetari lanetan eta Aucklandera bueltan hil zen. Goian bego Jonah Tali Lomu, beti izango zaitugu gogoan!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!