Urteberri on!

Erabiltzailearen aurpegia Goiztidi Diaz Basterra (EAJ) 2017ko urt. 20a, 08:40

Ohikoa izaten da urte berriarekin batera helburu eta erronka berriak martxan jartzea. Badirudi urtearen lehen egunetan gogoz hartzen dela lana eta indartsu ekiten zaiola. Urte berria jarrerak aldatzeko garai ona ere izaten da. Atzean geratzen dira abenduko jai egunetan murgilduta iragandako urtearen ekintzak, eta gogoz begiratzen dogu aurrera norbera eta norbere ekintzak hobetzeko asmoz.

Lana da batzuon erronka, lana aurrera eraman eta gure uria hobetzeko erronka berriak martxan jartzea. Baina, tamalez, denek ez dabie modu berean arnasten urte berriak dakartzan haize berriak. Batzuek tinko eusten deutsie beraien ohitura zaharrei, eta halan jarraitzen dabie burutzen zaizkien ekintzak aurrera eramaten, eragiten dabiezan ondorioak gutxi asko arduratzen deutsielarik. Noski, zer esanik ez ondorioek guztion gain dutela eragina.

Erraztasun osoz ikusten dabie besteen begian pista, baina ez, ordea, eurenean. Bitxia benetan zein erraz kexatzen diren herritar batek egindako zerbaitetaz, baina zein erraz erabakitzen dabien beraien azken burutapena aurrera eramatea, sor daitezkeen gastu, ondorio edota arazoak kontuan izan gabe.

Ondo legoke urte berriarekin jarrerak aldatzea eta benetako lana egitea. Demokraziaren arauak berdinak izan daitezela guztiontzat eta ez norbere demagogiaren interesaren araberakoak.

Batzuok argi dekogu zein den gure erronka, ekinez lan egitea. Baina zentzunez eta seriotasunez, bidean jartzen dizkiguten harriak kenduz. Urte berriak ilusioz hartzen dira, eta halan egingo dogu lan batzuek jarritako sasi guztien gainetik joanda.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!