Lilavember

Erabiltzailearen aurpegia Goiztidi Diaz Basterra (EAJ) 2016ko aza. 25a, 08:40

Urtero lez murgilduta gaude lila kolorearen hilabetean. Gizonezkoek bibotea hazten uzten dabe ingelesetik hartu dogun movember mugimenduaren alde. Beste batzuk desiratzen dagoz noiz helduko ostiral beltza eta dendetako hobariak.

Emakumeontzat, ordea, azaroa lila da. Ez dogu zer ospatzerik, baina badogu zer burura ekarri, hain zuzen ere 2016. urtean erail dituzten emakumeak. Badira jadanik berrogeitik gora beraien bikotekide edo bikotekide ohien eskuetan bizia galdu dabien emakumeak. Beraz, badekogu borrokan jarraitzeko arrazoi ugari. Horregatik, lan egin behar dogu gure artean dagoen gaitz honen aurka, azaroan gogorrago eginez aldarrikapenei.

Aurten, gainera, lehen aldiz emakumearen lasterketa bat izango dogu Durangon. Anima gaitezan parte hartzen, indarrez eta ozenki emakumeen aurkako indarkeria gaitzetsiz. Zutik ezezik emakumeok korrika aldarrikatuko dogu larunbat honetan aske eta bildur barik bizitzeko dekogun eskubidea. Indarrez zapalduko doguz Durangoko kaleak argi gera dadin ez dogula amore emango gure aurka egiten den indarkeria bukatu arte.

Ez dogu amore emango  gure bizitza eta gure sexualitatea askatasunez bizi ahal izan arte. Kaletik lasai ibili, gauez zein egunez, gure maitasuna guk nahi dogun pertsonari eman, hau da, ez dogu amore emango benetan askeak izan arte. Urte asko daramagu zutunik, eta halan jarraituko dogu, zutunik, eta ez belauniko. Elkarrekin multzoan, korrika zein lanean, aurre egingo diogu gaitz nazkagarri honi.
Badakizue, zutik emakumeak!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!