Esku biak

Erabiltzailearen aurpegia Fernan Ruiz Larringan 2014ko api. 11a, 08:30
Eskua (eskuina) luzatu dit abegitsu. Neuk ere hala egin dut eta bat egin dute esku on biek, esku-ahur guriak eta latzak. Une horretan, bere izaera transmititzeko intentzioz edo, irmo oratu eta estutu dit bostekoa, eta indarrez eragin. Berba egitean ere, tinkotasun handia erakusten du. Baserriko atartean eseri gara berriketan.

 

Orain arte, beti pentsatu izan du eskubideen defentsan (eskumatik) jardun izan duela, hori esaten du. Karguduna izanik, ataka estuetan izan du bere burua sarri; baina eskuzabal jokatu du beti esku okerreko bidetik armak eskuetan ibili direnekin eta haien lagunekin, hori esaten du. Eta inoiz, esku-hartze bortitzak egiteko agindu izan diela mendekoei, eta ordainetan eskupekoren bat ere jaso izan duela.


Garrantzi handia ematen die gorputz-adar horiei, eskuei. Dio gorputz adierazkortasun nabariena begiek eta eskuek erakusten dutela. Batzuetan, burmuinaren agindu barik ere, ezker-eskuinek adimen propioa balute lez, bizkortu eta euren kabuz ekiten baitiote. Burugabekeria askoren konplize isil bilakatzen dira, eskuma eta ezkerra.


Erretiroa hartu eta gero onartu du, hainbatetan, eskuak garbitu dituela eskubideei eskuburdinak jarri izan dizkietenean.


Orain badu damurik, eta otzan eta eskuzabal ageri da iragana iragan delako eta bere buruaz zintzo jokatu gura duelako. Altxatu da, badoa metatuta utzi dituen sasi zikinak erretzera… Eskuina luzatu dit abegitsu. Esku-ahurrei erreparatu diet; latzak, larrugogorrak, lan eskerga egindakoak, esku onetik...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!