Txintxirri Ikastola omendua

Erabiltzailearen aurpegia Elorrioko Txintxirri Ikastola 2015ko ira. 28a, 20:35

Duela 20 urte ikastolak eredu propioarekin jarraitzeko erabaki zaila eta sendoa hartu zuen. Hogei urte bai, 1993ko Eskola Publikoaren Legearen ondorioz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletan egon zen zatiketa mingarriaren ostean, ikastola ereduari eutsi eta ikastola birsortu zela.

 

Momentu gogorrak izan ziren baina bidea urratsez urrats eraikitzen jarraitu zuen taldeak. Egun harro gaude, ikastolak eskaintzen duen hezkuntza eredu propio eta nazionalean oinarrituta dagoelako eta etengabeko hobekuntzen bidean kalitatezko hezkuntza eskaintzen dugulako. Ikastola birsortu egin zen bai,  eta EHIko 15-16 ikasturte hasierako ekitaldian ikastola ereduaren alde egindakoa omendu zaio, Betiko, Andramendi eta ikasberri ikastolekin batera.

 

 

Euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritutako kalitatezko eta abangoardiako hezkuntza euskalduna ematen duen, herritik eta herriarentzat sortua den eta auto-eraketa eta erabakimen propioa dituen eredua da ikastolena. Behin eta berriz errepikatutako ezaugarriak izan dira, irailaren 26an Azpeitian, Ikastolen Elkarteak ospatu zuen 2015-16 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldian.

Ikastola ereduaren aldeko aldarri bilakatu da Soreasu antzokian egin den ekitaldia. Ikastola ereduaren azalpenetik abiatu zen ekitaldia eta haren gorazarre egin zuten EHIko lehendakari Koldo Tellituk eta ekitaldian omenaldia jaso zuten ikastoletako ordezkariek, erreportaje batean utzitako lekukotzetan. Berdin Partaideko lehenbiziko artezkaritzako kideek eginikoek ere, haiek ere omendu baizituzten.

 

Ikastola ereduaren gaineko hausnarketaz gain, hezkuntza politikari dagozkion gaiak ere ukitu zituen Ikastolen Elkarteko lehendakariak bere hitz hartzean. Proposamen horiek guztiak aurrera ateratzeko elkarlana eskatu eta eskaini dute ikastolek. Elkarlana erakundeekin eta gainontzeko hezkuntza eragileekin.

Zorionak ikastola!

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!