Etxebizitzak bete

Erabiltzailearen aurpegia Dani Maeztu Perez (EH Bildu) 2016ko api. 29a, 08:30

Etxebizitza publikoak inmobiliaria batean salgai. Alegia, denon diruarekin finantzatutako etxebizitzak, zozketarik gabe, enpresa pribatu baten bitartekaritzarekin salgai. Durangon hori gertatzen ari da, etxebizitzaren inguruko politika publikoek porrot egin dutelako.

Orain dela gutxi iragarki bat ikusi nuen inmobiliaria batean. Faustegoienan eraikitako etxebizitza publikoak iragartzen zituen. Facebooken komentarioa egin nuen, eta enpresaren jabea kexatu egin zitzaidan kalean. Berez, agerikoa da kritika ez dela enpresari zuzendutakoa. Kritika herri honetan erabaki politikoak hartu dituztenentzat da. Izan ere, enpresa horiek negozioa egiteko eskubidea daukate; ezin dena onartu da babes ofizialeko etxebizitzekin negozio pribatua sustatzea.

Larunbatean, Andra Maritik manifestazioa deitu dute, etxebizitza eskubidea dela aldarrikatzeko. Beharrezkoa da kaleak betetzea mota honetako ekimenekin, eskubidea zena negozio bihurtu delako. Baina, benetan beharrezkoa dena da etxebizitza hutsak pertsonez betetzea. Horretarako, aurreko urtean onartutako Etxebizitza Legean badugu tresna bat: hutsik dauden etxebizitzei udalek  kanon bat ezartzeko ahalmena. Kanona, alegia, etxebizitza hutsak betetzeko bultzada. Guk, behintzat, urratsak bide horretan ematea aldarrikatuko dugu udalean, etxebizitza hutsak pertsonez betetzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!