Printzipioak

Erabiltzailearen aurpegia Dani Maeztu Perez (EH Bildu) 2015ko abu. 28a, 08:30

Hona hemen gure printzipioak; baina ez bazaizkizu gustatzen, beste hauek ere baditugu…

 

Hasi da Durangoko Udalean legealdia, eta hartu dira lehen erabakiak, besteak beste, alkatearen eta zinegotzi liberatuen soldata finkatzea: alkatearentzat, 73.800 euro urteko; zinegotzientzat, 56.000. EH Bilduk aurka bozkatu du. Beste alternatiba bat aurkeztu genuen: zinegotzi kopurua kontuan izatea liberatu kopurua zehazteko, eta udal administrari baten soldata kobratzea.

PNVk, PSEk eta PPk bat egin zuten, eta gorago agertzen diren kopuruak mantendu zituzten. Erabaki hori hartzerako orduan Eudelek ezarritako irizpidea zela argudiatu zuten.

Bestalde, aste honetan jakin izan dugu udalak isun bat jaso duela, hain zuzen ere, azken enplegu planean kontratatutako langileei hitzarmen kolektiboa ez aplikatzeagatik. Bada, hitzarmen kolektibo hori Eudelen adostutakoa da, eta udalak onartutakoa. Arau hauste oso larritzat hartu du lan ikuskaritzak hirugarren enpresa bat bitartekari lanetan erabiltzea, adostutako hitzarmena ez aplikatzeko. Hala, trikimailuaren ondorioz, durangar guztiok ordaindu beharko dugu 6.200 euroko isuna.

Ondorioztatu dezakegu PNVk eta PSEk euren soldatak ezartzerako orduan Eudelen irizpideak jarraitzen dituztela, baina langileen soldatak ezartzerako orduan ez daukate arazorik Eudelek araututakoa ez betetzeko. Hori bai, langileei soldata askoz murritzagoak ezartzea da helburua.

Printzipio benetan marxistak, baina Grouchoren eskolakoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!