Pobrezia energetikoa eta miseria politikoa

Erabiltzailearen aurpegia Dani Maeztu Perez (EH Bildu) 2014ko abe. 19a, 08:30

Negu honetan, Durangon (bai, Durangon ere bai), hainbat familiak eta pertsonek erabaki egin beharko dute: hipoteka ordaindu edo berogailua piztu. Pobrezia deitzen zaio horri, kasu honetan energia alorrean azaltzen den pobrezia, baina lotura zuzena daukana gaur egungo egoera ekonomikoarekin edo, hobe esanda, gaur egungo eredu sozioekonomikoarekin.

Energia izatea ezinbestekoa da gure bizimoduan, osasuna zaintzeko eskubidea edo hezkuntzarako eskubidea ezinbestekoak diren moduan. Baina energiaren kudeaketa guztiz pribatua da. Horrela, energia elektrikoaren arloa bost enpresen interes ekonomikoen menpe dago.

Enpresek etekin ekonomikoa handitzea dute helburu, eta hori zilegi da; zilegi ez dena da alderdi politiko batzuek –bereziki PNVk, PPk eta PSEk– egin dutena, alegia, interes publikoko sektore bat enpresa pribatuen eskuetan uztea. Noski, alderdi horiek euren interesak ondo babestu dituzte; ez herritarren interesak, euren agintarien interes partikularrak baizik.

Ez da kasualitatea, Josu Jon Imaz Petronorreko presidente izendatzea eta gaur egun Repsoleko administrazio kontseiluan egotea. Era berean, Felipe González eta Aznar izendatu zituzten Gas Naturaleko eta Endesako administrazio kontseiluko kide. Ate birakarien zerrenda bukaezina da. Ohikoa da administrazio publikoan egon diren pertsonek, euren zeregina interes pribatuak defendatzea izaki, gerora, ondo ordaindutako jesarleku bat lortzea. Eta horrek izen bat dauka: miseria.

Beraz, pobrezia energetikoa dago, miseria politikoa existitzen delako. Nik gaurko honetan ere nire amaren esaldi bat ekarriko dut gogora: pobreak bai, miserableak sekula ere ez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!