"Sahararren autodeterminazio eskubidea eta independentzia aldarrikatzen ditugu"

Erabiltzailearen aurpegia berrizko udal kontseilua 2015ko aza. 12a, 12:32

Berrizko Udal Kontseiluak deituta, Mendebaldeko Sahararen okupazioa salatzeko eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko elkarretaratzea egin dute Berrizen. Zapatuan 40 urte beteko dira Espainia, Maroko eta Mauritaniaren artean saharako lurren inguruko akordioa sinatu zenetik.

Zapatuan, Tindufen (Aljeria) errefuxiatuta bizi diren saharauiei laguntzeko elikagai bilketa egingo dute, 18:30ean, Olakuetan. Gazteñerre baten bueltan egingo dute bilketa. Gainera, zapatuan bertan Madrilen egingo den manifestaziora joateko autobusa ipini dute Berriztik. 07:00etan irtengo da BBK aurretik, eta 5 euro balio du txartelak.

 

Hauxe da atzoko elkarretaratzean irakurritako udal adierazpena:

 

Azaroaren 14an, legez kanpoko hiru alderdiko hitzarmenaren 40. urteurrena izango da. Madrilen sinatu zen diktaduraren azken gobernuaren sasoian, Maroko eta Mauritainiarekin batera.  Horrela herri sahararra baztertu eta saldu zen, nazioarte mailako legedi eta Giza Eskubideekin bat zetorren deskolonizazio prozesua eragotziz.

Historia gogoratzen badugu, estatu espainiarrak Sahara utzi zuen 1976ko otsailean  eta hiru alderdiko hitzarmen horrekin Sahara, Maroko eta Mauritaniaren esku gelditu zen eta hori guztia, Hagako Nazioarte mailako Auzitegiaren aurka, Maroko eta Mauritainiarekin subiranotasun loturarik ez baitzegoen. Marokok, legez kanpo, Mendebaldeko Sahara armekin inbaditu zuen “martxa berdean”, herri sahararra lurralde barik utziz.

Estatu espainiarrak Mendebaldeko Sahara utzi zuenean, Fronte Polisarioak Saharako Errepublika demokratikoa aldarrikatu zuen.

Europako Parlamentuak herri sahararren autodeterminazio eskubidea deklaratu zuen 1989an. 40 urte pasatu dira sahararren autodeterminazio eskubidea aitortu zenetik eta 30 urte  Hagako Nazioarte mailako Auzitegiak  berretsi zuenetik eta erreferenduma atzeratu egiten da.

Sahararren autodeterminazio eskubidea eta independentzia aldarrikatzen ditugu, herri sahararren borroka etengabea eta gatazka hori konpontzeko beharrezkoa den Bake Prozesua lagunduz.

Berrizko herriak, Mendebaldeko Sahara deskolonizatzeko hitzarmen soziala berresten du. Estatu espainiarrak politikoki, historikoki eta moralki duen zorra eta erantzukizuna islatuz. Hainbeste urtetako sufrimenduari amaiera emateko.

Marokok, lurralde okupatuetan etengabe urratzen dituen giza eskubideak salatzen ditugu. Baita estatu espainiarraren jarrera, Hassana Aalia bezalako errefuxiatu sahararren asiloa ukatzen duelako.

Eta amaitzeko, herri sahararrari gure elkartasuna adierazteko, Udal kontseiluak Madrilen, azaroaren 14an izango den manifestazioan parte hartzeko autobusa jarriko du. Goizeko 7.00etan aterako da BBK aurrean. 

Eta urrian izan diren uholdeen ondorioz, errefuxiatuen kanpalekuan bizi duten egoera larriari aurre egiteko,  elikagai bilketa egingo da Olakueta plazan azaroaren 14an, arratsaldeko 18:30ean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!