Larunbat honetan "Dispertsioa stop!" duatloia ospatuko da Abadiñon

Erabiltzailearen aurpegia Asier Aspuru 2015ko eka. 22a, 15:02

Ekainaren 27an, larunbata, dispertsioaren aurkako duatloia ospatuko da Abadiñoko auzoetatik zehar. Umeentzako eta nagusientzako lasterketak egingo dira 10:45etatik aurrera.

Abadiñok euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzearen bidean beste pausu bat eman nahi du, dispertsioaren aurkako lana eta kirola uztartuz. Ekainaren 27an, larunbata, herriko kaleak elkartasunez beteko dira 10:45etan hasiera emango zaion lasterketarekin. Lehenengo txikien txanda izango da, zeinek Zelaieta auzoan zehar bi buelta eman beharko dituzten (lehena korrika eta bigarrena bizikletan), guztira 1.4 kilometro egin arte. Hasiera Amnistia plazan izango du eta amaiera Txanporta plazan, eta hauek partehartzea doakoa izango dute.

Ondoren, 11:00ak inguruan, nagusien txanda izango da, baina hauek ibilbide luzeagoa bete beharko dute. Lehen pausoak Amnistia plazan emango dituzte eta lehenik Abañobisko itzulia korrika egin beharko dute (1.4 kilometro). Gero, Txanporta plazan bizikleta hartu eta bertatik Astola zeharkatu eta helmuga Gazteluko ermitan izango dute partehartzaileek (3.3 kilometro). Guztira ia 5 kilometro izango ditu nagusien duatloiak eta lehenengoek sariak izango dituzte, nahiz eta antolakuntzatik garrantzia parte hartzeari, herrian sortuko den giro onari eta elkartasunari ematen dioten, sailkapenari baino. Izen-ematea (2 euro) Txanporta plazan izango da egunean bertan, 10:00etatik aurrera. Horren truke dispertsioaren liburuxka bana emango zaie partehartzaile guztiei. Helmugan edariak eta jatekoa egongo dira eta amaieran familia argazkia aterako da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!