Udal hauteskundeak 2015

Hauteskundeak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Aurrekoetxea (EHUko irakaslea) 2015ko mai. 22a, 14:16

Hemen ditugu berriro hauteskundeak. Hego Euskal Herrian, oraingoan, udal hauteskundeak eta batzar nagusietakoak izango dira, eta Nafarroan, berriz, foru erkidegokoak. Hori dela-eta, paradoxa demokratiko pare bat komentatzea gustatuko litzaidake. Alde batetik, eta kontraesana dirudien arren, hauteskunde garaiak ez dira une onenak debate zintzoak egin ahal izateko.

Halaxe da, alderdi guztiak arduratuta daude beraien arerioak higatu nahian, eta ez hainbeste beraien egitasmoak azaltzen. Toki guztietan gertatzen da gauza bera, ez Espainian bakarrik; hemen ere EAJren eta EH Bilduren artean gauza bera gertatzen da, diskurtso ez-zilegiak plazaratzeraino: EAJren ustelkeria maila Valentziako PPren ustelkeriarekin parekatuz, eta besteak Araban atez ate beldurra sortarazten, edota fiskalitatearen inguruko Bilduren muturtasuna aipatzen.

Bi diskurtso horiek zintzoak ez izateaz gain, faltsuak ere badira. Beraz, paradoxa demokratiko baten aurrean gaude, hau da, hauteskunde garaian diskurtso nobleak lehian aritzetik urrun gaudela esan genezake.
Azken finean, kanpainak aitzakia bihurtzen dira politikarien artean eztabaida leialak ez izateko, eta guk, herritarrok, politikariei eskatu beharko genieke ez bakarrik gai nagusietan adostasunak bilatzeko, baizik eta, hauxe da garrantzitsuena, beraien desadostasunak hobeto kudeatzeko, hori baita gizarte demokratiko baten neurgailurik egokiena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!