Biluztu gaitezen!

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Urien Telletxe (Idazlea) 2015ko urr. 2a, 08:30

Zuhaitzen zimurtasunak akusatzen du udazkena, kaleak orbelez bete orduko erratzarekin batzen ditugu denboraren zirkuluan gure patu miserablea ezabatu nahi bagenu bezala. Zahartzeaz eta galtzeaz hitz egiten digute orbelok eta begi-bistatik apartatzen ditugu gure izateari ostikada emanez, gu bezala zapaltzean oihu egiten duten hosto zimurrok ispilu dira, haiek bezala galduko baikara.


Bat-batean, urteen jira-birari erreparatu diot, eta hor ikusten dut nire burua denbora eta espazio kontingente batean kokatuta, finkatzera iritsi gabe eta akorduan ez nituen hankak ditut zain lurrean.

Honela, goizeko bederatzietan, klasean bibotedun filosofo antiplatonikoa irakurtzen topatzen ditugu geure buruak. Hasierak,  jatorriak… pentsarazten duten hitz potoloak eta hasiera (hasierarik izan bagenu bederen) hartatik kasualitatezko eboluzio batekin hemen gaude, ez gara beharrezko, txiripaz munduratuok mundua eraldatu behar omen dugu; ausazko izateari uko egin nahiko bagenio bezala eta Darwin gurutziltzatu, lurrikararen epizentro izateko ametsetik esnatu gintuen madarikatua. Eta orain, geu gara (baldin bagara) lurrikarak sakabanatutako hondakin solido pentsalariak, unibertsoa eboluzio organiko soil batetik libratu dugunak. Kasualitatez, interesgarri egin gara.

Barkatu, irakurle, baina Nietzscheren liburuak nihilismotik haragoko zerbait bizitzeko erakusten ei du, eta ez zait artikulu honetarako beste ezer otu kurtso hasiera filosofia indartsu batekin ekiteko, filosofia ikasiz eta eginez saiatzen bainaiz neure burua biluzten, eta artikulu hau gonbidapen bat baino ez da ispiluaren aurrean arropak erazten hasteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!