Gerrak

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Urien Telletxe (Idazlea) 2014ko abu. 29a, 08:40

Uda lehortu ezinik pasa da. Euria zerutik opari eta hondartzarako goseak zuloa egin du hainbaten tripetan. Eguzkia zulorik aurkitu ezinik ibili da hodeien artean, irribarre egiteko paradarik ez da izan ahazturaren itsasoetan.

Gazatik iritsi zaizkigu jada memoriaren izkina batean zokoratu ditugun hamaika gerratako bonba hotsak, eta odola erreka bihurtu denean hasi gara bertako berriak jasotzen. Gazan hildakoak, bonbak, negarrak, guraso bako haurrak eta haurrik gabeko gurasoak; eta, bitartean, gorbatak estutzen batzuk eta bikinia armairutik noiz aterako zain beste batzuk. Palestinan hil direnak Ukrainan ere zendu dira, Vietnamen bizia galdu zutenen odol arrastoek jarraitzen dute, eta gurean hobi komunetan hezurrez egindako memoria tirokatzen da etengabe.

Ahaztutako gerrak eta gerrak ahanzturara jaurtitakoak. Oroimena ez da soilik bandera ateratzea, sare sozialetan atxikimendua adieraztea eta Gazara (edo beste hamaika sarraski gunetara) arroza, konpresak eta olioa bidaltzea. Beharra dutenei zirkunstantzian laguntzea beharrezkoa da, baina ez da horrekin konpontzen, arazoaren muinera jo behar da, ez karitatera.

Ekialde Hurbileko gerrei gure aurkakotasuna adierazten diegun bitartean, mesfidantzaz begiratzen diegu gure lur-inguruko uretan itota hiltzen diren etorkinei, eta hobe bai hondartzarako eguna aukeratzea ahazturaren itsasoetatik erreskateak egitea baino.

Badugu bai zer ikasia datozenengandik, hemen daudenengandik; ekintza zuzenik ezean jai dugu, mundua ez baita Internetetik aldatuko, hala bada, hobe dugu oraindik iraileko eguzki printzen zain egotea eta hondartzan gure memoriak urperatzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!