Altxorraren bila

Erabiltzailearen aurpegia Koikili Lertxundi del Campo 2016ko ira. 30a, 08:30

Dagoeneko futbol denboraldi berria abian da, hasi da zirkua. Eta, lehoiak tarteko, beste denboraldi zirraragarri baten aurrean gauden susmoa daukat. Ilusio zurigorriz zipriztindutako bide oparoa agian, helduleku gisa helburu gaitz bezain motibagarriak izango dituena.

Izan ere, emaitza zein joko kezkagarriekin emandako hasiera irauli, eta Athletic ligako goiko postuetan sartu da, udazkenari ongi etorri goxoa eman nahirik akaso.

Zentzu honetan, taldearen dinamikak eta baikortasunak bat egiten dutela dirudi. Ados nago ezkontza honekin, futbol aditu askok esaten duten legez, ondo hasten denak hobeto bukatzeko aukera handiak baititu. Eta ikuspegi honetatik, badirudi talde zurigorria ez dela aurreko denboraldietan bezala aritu beharko, hots, atzetik aurrera ligan eta bestelako txapelketetan (Super kopa, Europa Leagueko aurre sailkapen fasea) hil ala biziko partidak jokatzen.

Beraz, honek esan nahi du “denboraldi” arrunt baten aurrean aurki gaitezkeela, ligari hasieratik lehentasuna emanez, koparen zain eta Europa League begiz jota. Egoera honetan, aurten baldintza hobeak antzematen ditut taldeak aurreko denboraldietan baino bukaera hobea egin dezan.

Hau horrela gertatuko balitz, zurigorriek egun eman dezaketen maila kontuan hartuta, denboraldia aparta izan daiteke. Zergatik ez amestu? Zergatik ez Ligan Europarako sarbidea eskuratu? Eta zergatik ez Europa League edo/eta Kopan beste altxor bat eskuratu? 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!