San Markos, artoak ereinda... eta oihalak josita balegoz!

Erabiltzailearen aurpegia Elorrioko Gure Esku Dago 2015ko ots. 26a, 11:24

Artoak ereiteko sasoia da urtero San Markos. Aurten, gainera, herriz herri oihalak jostekoa ere bada. Elorrioko GED prestatze-lanetan hasiko da martxoaren 5ean Arriolan egingo duen ekitaldiarekin.

Ekainaren 21eko ekitaldi nazionala izango da behetik gora egindako ehuntze lan handi baten amaiera-festa. Oihalak josteko aitzakiarekin, elkar ikusiko dugu eta elkarrengana hurbilduko gara. Eta gure borondateak batuko ditugu erabakitzeko eskubidearen inguruan, topagune horrek emango digulako elkarbizitza hobea eta gizarte indartsuagoa.

Helmuga horretara iristeko, bada tarteko geltoki bat apirilaren 25ean. Egun horretan, herri bakoitzeko plazan elkartuko gara oihaletan herritarrak eta gure oihalak elkar jostean gure borondateak ere elkar batuko ditugu.

Eta prozesu guzti honi hasiera emateko, Elorrioko GEDek ekitaldia antolatu du martxoaren 5ean, Arriola antzokian, 19:00etan. Bertan ekimenaren gaineko azalpenak emango dira, Angel Oiarbide lagun, eta bideo labur batekin uztartuko dira aurtengo San Markosetarako ditugun bi lanak: artoak ereitea eta oihalak jostea.

Hurbildu zu ere, pozik emango dizugu ongi etorria!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!