Etxebizitza tasatuak eraikitzeko baldintza orria onartu dute Izurtzan

Joseba Derteano 2017ko api. 25a, 08:45

Gaztelekuaren parean dagoen Garauntza izeneko lurzoruan etxebizitza tasatuak sustatu gura ditu udalak. Azken urteetan populazioan eman den beherakadari aurre egiteko modua da. Hori aurrera eramateko, arazo bat aurkitu dute: berba egin duten promotoreak uzkur agertu dira, gaur egun etxebizitza salmenta ez delako sasoi batean bezain emankorra. Berme batzuk gura dituzte. Horregatik, saldu barik geratu daitezkeen etxebizitza batzuk erosteko prest dago udala.

 “Promotoreak aurkeztu daitezela bilatzen dugu. Hasieran ez geneukan horrelakorik pentsatuta, baina promotoreekin izandako batzarren ostean ikusi dugu antzerako neurri barik inor ez dela aurkeztuko”, adierazi du Iker Ballarin Gobernu Taldeko zinegotziak. Populazio galeraren aurrean “apustu bat” dela gehitu du Lorea Muñoz Izurtzako alkateak.

Konpromiso hori zein bizilekuak egiteko gainerakoak jasotzen dituen baldintza orria azken udalbatzarrean onartu zuten Gobernu Taldearen (EH Bildu) aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen. Ez daudela proiektuaren “kontra”, adierazi zuen Oskar Zarrabeitia zinegotziak, baina diru hori konprometitzeak “beldur apur bat” eragiten diela zehaztu zuen.

Udalak Aldundiari galdetu dio zenbateraino konprometitu daitekeen. Udalaren kontuak aztertuta, 608.000 eurora arteko kreditua eskatu dezaketela izan da erantzuna. Horregaz lau bat etxebizitza erosi ditzaketela kalkulatu dute. Hori izango da  udala heldu daitekeen kopuru maximoa. “Eraiki ostean, urtebeteko epea dago saltzeko. Epe horren amaieran denak saldu ezik, orduan sartuko ginateke. Orduan ikusi beharko litzakete egoera zelan dagoen”, azaldu du Ballarinek. Edozelan ere, “dirua ez litzateke galduko, udalak beste mota bateko ondasunak izango lituzke, etxebizitzak kasu honetan”, gehitu du. Etxebizitzako etxabean lokal bat ere izango luke udalak, lurzoruaren truke.

Promotore baten konpromisoa lortu gura dute, ondoren interesa dutenentzat izen-ematea irekitzeko. “Benetako konpromiso bat gura dugu, interesa duten herritarrei etxeak egingo direla bermatuko diena”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!