Izurtzako jaiak 2015

Paella lehiaketa eta gazte olinpiadak, Izurtzan jai giroaz gozatzen hasteko gonbidapena

Anboto 2015ko ira. 3a, 17:30
Santa Ageda ermitaren inguruan jai giroa izango da nagusi domekan, irailaren 6an.

Udaletxeko balkoitik jaurtitako txupinazoak jai giroa zabalduko du bihar, barikuan. Irailaren 4tik 13ra bitartean ospatuko dituzte Erdoitza Andra Mari jaiak, eta, horretarako, askotariko ekitaldiek osatutako jai egitaraua prestatu du udalak herriko hainbat eragilegaz.

Txupinazorako hitzordua bariku iluntzean izango da, 20:00etan. Triki-poteoa izango dute, gero. Gau giroa, berriz, gaztelekuan antolatutako kontzertuek ipiniko dute.

Leku propioa izan ohi dute gastronomia lehiaketek inguruko jaietan. Baita Izurtzan ere. Aurten, paella lehiaketa antolatu dute. Irailaren 5ean izango da hori, 12:00etan. Parte-hartzaileek 14:30era arte izango dute paella egiteko denbora. Bazkaltzeko elkartuko dira gero.

Bazkalostea, ostera, gaztelekuak antolatutako gazte olinpiadekin alaituko dute. Karteladara ere deitu dute, 13:30erako.

Santa Ageda
Santa Ageda ermita izango da jaigune irailaren 6an, domekan. Jaizalerekin kalejira egingo dute 10:00etan, eta, 11:00etan, meza izango dute Santa Ageda baselizan. Mendigain dantza taldeak eskainiko du ikuskizuna gero.

Iratxe Ibarra, Oihana Bartra eta Erika Lagoma bertsolariek jardungo dute 13:00etan, bazkaltzeko ordua heldu bitartean.  Izan ere, ermitaren inguruan herri bazkaria antolatu ohi dute izurtzarrek Santa Ageda egunez. Eriz magoaren saioa hasiko da 18:00etan, eta, ondoren, herriko gazteek botatako apustuari helduko diote bertaratutakoek.

Lotxo plaza taldearen doinuekin egingo du aurrera arratsaldeak.

Irailaren 8a, Erdoitza Andra Mari eguna, jaieguna dute Izurtzan. Erdoitzako baselizan meza hasiko da 11:00etan, eta Mendigain dantza taldearen saioa egongo da gero. Txikienentzako ekintzak antolatu dituzte arratsalderako: umeentzako jolasak,  eta Pepa eta Kutxo pailazoen saioa izango dira ikusgai .

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!