Hainbat karramarro hilda agertu dira Mañaria errekan

Anboto 2015ko abu. 28a, 09:34

Joan zen barikuan hainbat ibai-karramarro hilda agertu ziren  Mañaria errekan, Lejarza eta Elizalde auzoen artean dagoen presa baten inguruan. Herritar batek abisua emanda, besteak beste, Uraren Euskal Agentziako eta Bizkaiko Aldundiko arduradunak bertaratu ziren egoera aztertzeko.


Ura agentziako iturriek argitu dutenez, bertaratu zirenean ez zuten ezelango isuririk aurkitu, eta urak kolore normala zuen. Beraz, agentziako arduradunek ez zuten ur laginik hartu aztertzeko. Bizkaiko Aldundiko Ingurumen Saila izango da ikerketagaz aurrera jarraituko duena, baina oraindik ez dute gertatutakoaren arrazoirik aurkitu, eta ezin dute baieztatu isuririk egon den ala ez.

Errekako uraren gainean hiru hilerik behin jasotzen duten txostenaren zain dago Izurtzako Udala, gertatukoari buruz gehiago jakiteko. Edozelan ere, Lorea Muñoz alkateak errekak garbi mantentzeko eta ingurumena errespetatzeko deia egin du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!