Asiako liztorrarenak diruditen bi habia aurkitu dituzte Etxanon

Anboto 2015ko urt. 29a, 16:50

Hontza Durangaldeko Natur Zientzien Museoko arduradunek aurkitu dituzte.

Mañariko Hontza museoko arduradunek Asiako liztorrarenak diruditen erlauntz bi aurkitu dituzte Izurtzako Etxano auzoko zuhaitz bitan. Hontzako arduradunen esanetan, “museoa beharrezkoak diren agintariekin hartu-emanetan jarriko da, habia horiek kendu ditzaten”. Izan ere, erleak dira Asiako liztorraren elikagai nagusi, eta erleak mantentzeko “beharrezkoa da Asiako liztorrari aurre egitea”, adierazi dutenez.

Gipuzkoan oso zabalduta daude Asiako liztorrak, eta apurka Bizkaian sartzen dabiltza. Izurtzako Etxano auzokoa ez da Durangaldeko kasu bakarra. Iaz Iurretako suhiltzaileek hainbat irteera egin zituzten Asiako liztorren habiak zirela-eta: Durangoko Tabirabide kalean, Iurretan, Berrizen, Zaldibarren eta Atxondon —igerilekuen parean eta Arrazolan—  agertu izan dira mota honetako liztorren habiak.

Pertsonentzat ez ei dira oso arriskutsuak; ziztada asko jaso behar dira kalte egiteko. Baina kontuz ibili behar da, pozoia jaurtitzen dutelako. Habia bat ikusiz gero, Base Gorrikoei edo suhiltzaileei deitu behar zaie.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!