Hasi dituzte Arbizolea inguruko urbanizazio lanak

Anboto 2015ko urt. 24a, 10:00
Zubiaren ostean zegoen harresi zati bat bota, eta espazio zabalagoa irabazi dute

Joan zen astelehenetik hainbat langile Arbizolea industriagune inguruko urbanizazio lanak egiten dabiltza. Urbanizazio lan horiekin batera oinezkoentzako zein bizikletentzako bidegorria ere egingo dute; errekaren aldetik joango da, Etxano auzorantz doan zubira heldu arte; zubitik aurrera eskumaldetik jarraituko du Arbere enpresa ingururaino.


Egun hauetan hainbat lan egin dituzte langileek. Esate baterako, zubiaren ostean zegoen harrizko horma zati bat bota dute, eta espazio erabilgarria irabazi dute; orain, zorua zementuz eta asfaltoz lautzen dabiltza.

Toki horretatik metro gutxira, Etxano auzorako bidean –Arbere enpresaren ondo-ondoan– gertatutako lur-jausia konpontzen ere ibili dira. Ingurua garbitu ostean, bidearen ondoan burdinazko egitura sendo bat egonkortu dute lurrean; ondoren, besteak beste, hormigoiagaz beteko dute gune hori, egonkor geratu dadin. Gainera, inguru horretan bidea estutu egiten da, eta pibote batzuk egokituko dituzte, errepidea eta bidegorria banatuko dituena.

Udalaren eta industriguneko enpresen arteko akordioaren bidez, lurrak udalari utzi zizkieten, baina Arbizoleako enpresak egin ziren lanetako gastu osoaren kargu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!