Gazte saharaui bik gaixotasunak sendatzeko tratamendua jaso dute

Anboto 2014ko abu. 27a, 09:07
Rio de Oro ekimeneko kideek ateratako argazkia. Webgunea: www.riodeorodurango.com

Rio de Oro ekimenaren bidez, Tindufeko kanpalekuko hamar gazte Izurtzan izan dira; horietako bik gaixotasun larriak sendatzeko tratamendua jaso dute.

 

Aljerian, Tindufeko kanpalekuetan bizi diren eta urritasunen bat duten hamar umek (7-14 urte artekoak) Durangaldean eman dituzte hilabete bi. Ekainaren amaieran etorri eta joan den domekan itzuli ziren; Izurtzako aterpetxean hartu dute ostatu, Iñurri eskaut taldeak utzita. Hainbat norbanakok sustatutako Rio de Oro egitasmoaren barruan etorri dira. Aurten bigarren aldia izan du egitasmoak.

Adinez txikikoei denboraldi batez bizimodu erosoago bat eskaintzea da helburuetako bat, baina baita gaixotasunak dituztenei ahal den heinean laguntzea ere. Horrela, gaztetxo bik euren gaixotasunak tratatu ahal izan dituzte hemen. Egunean hiru bider epilepsia krisiak zituen Raguiak (8 urte) osasun tratamendua jaso du, eta hilabete darama krisirik gabe. Iaz ere saiatu ziren, baina lehen tratamendu hark ez zion osasun arazoa konpondu. Mohammeden kasua (6 urte) ere larria zen: bihotzeko arazoak zituen, eta “oso ebakuntza konplikatua” egin diote Gurutzeta ospitalean, Rio de Oro egitasmoko sustatzaileetako bat den Mikel del Arcoren esanetan.

Oraindik Zainketa Intentsiboetako Unitatean dago; ebakuntza ostekoa onera badoa, Ermuko zentro batean jarraituko du sendatze prozesua, eta, ondoren, kanpalekura itzuliko da.

Aurten egitasmoa “asko sendotu” dela dio del Arcok. Iaz baino “askoz boluntario gehiago” izan dituzte. Herria elkarteak ere lagundu die, iaz legez. Datorren urtean ere antolatuko dute egitasmoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!