Interesguneen kokaleku zehatza jakiteko aukera

Anboto 2013ko abe. 19a, 08:41

Baserri, enpresa eta askotariko guneen kokaleku zehatza eskuragarri izango da udaleko webgunean

Baserri, enpresa eta askotariko guneen kokaleku zehatza eskuragarri izango da udaleko webgunean.

Izurtzako Udalak finantziatu eta Inforlur enpresak garatutako sistema baten bidez, udaleko webgune berriak interesekoak diren herriko eraikin, baserri zein gune guztien gaineko kokaleku zehatza kontsultatzeko aukera eskainiko du. Udaleko webgunean laster ipiniko duten lotura batek www.inforgentziak.com helbidera bideratuko du bisitaria eta han jaso daiteke informazioa.

Webgune horrek hainbat herritako informazioa ahalbidetzen du, tartean Izurtzakoa. Izurtzaren atalean herriko baserri, eraikin historiko, enpresa eta, oro har, jendearen interesekoak izan daitezkeen guneen gaineko kokaleku zehatzak jaso daitezke. Mapa batean agertuko dira udaletxe, hilerri, eliza eta ermiten kokalkuak, adibidez. Horrela, Izurtzako tokiren bat urgentziaz bilatu behar dutenek, dela anbulantziak, dela poliziak, edo dela su-hiltzaileak, klik batean jaso ahalko dute edozein baserri edo guneren kokalekua. Baina, oro har, norbanako guztien eskura egongo den zerbitzua izango da. Zerbitzuaren abantailetako bat da dispositibo mugikor guztiei egokituko zaiela; mugikorrei eta tabletei, adibidez.

Gainera, erabiltzailea dagoen tokian dagoela, mapa horrek heldu gura den tokirako ibilbiderik laburrena eta azkarrena jasotzeko aukera ere eskaintzen du. Egitasmo berriaren gaineko dudak dituzten herritarrei udaletxean argituko dizkiete zalantzak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!