Prozedura administratiboei buruzko gidaliburua sortu dute

Anboto 2017ko ots. 28a, 11:21
Gaur eman duten prentsaurrearen irudi bat

Herritarrek gehien eskatzen dituzten administrazio-prozedura guztien oinarrizko informazioa modu sistematiko eta antolatuan jasotzen dituen tramiteen gidaliburua sortu du Iurretako Udalak. Gidaliburua paperean dute, dagokien fitxekin. Horrez gain, webgunera igo dute herritarrek erabil dezaten. Zazpi arlotan banatuta, 100 izapidetik gora jaso dituzte. 

Herritarrek udalarekin duten harremana errazteko egin da tramiteen gidaliburua. Bertan, eginbeharreko edozein kudeaketatan — erroldarekin lotutako tramiteak, diru-laguntza eskariak edo obra txikietarako baimenak eskatzeko, adibidez— eman beharreko urratsak zehatz azaltzen dira. Beste alde batetik, lan horrekin erakundean zereginak estandarizatu gura dituzte, azaldu dutenez. Atzodandik herritarren eskura da eskuliburua. Webgunearen bitartez, zuzenean aurkibidean sartu eta bertotik zuzenean egin gura den tramitearen inguruko informazio guztia jaitsi daiteke. Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, "fitxa bakoitzean ebazpenerako epea ere zehaztu dira. Modu horretan, halako derrigortasuna sortzen zaio udalari ere ebazpen hori emateko".

Gidaliburu horretan administrazio-prozedurak identifikatzean, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetuko da, udal-kudeaketaren gardentasunari mesede egingo zaio eta udalera sartzeko "zuretzako errazago" izatea lortuko da, alkateak azaldu duenez. Hain zuzen ere, horixe da aukeratu duten lema.

Erabilterreza

EUDELek sustatutako Tokiko Berrikuntza Agendaren testuinguruan sortu da gidaliburua. Totorikaguenak adierazi duenez, eskuliburua "oso erraza da ulertzeko eta erabiltzeko. Lan handia egin da horrretarako".

Beste alde batetik, udal zerbitzuen egutegi bat utzi dute herritarren postontzietan. Bertan zerbitzuak eta diru-laguntzak eskatzeko herritarrek kontutan hartu behar dituzten epeak jaso dira. Gainera, sail guztiekin harremanetan jartzeko telefono zenbaki zuzenak ere jarri dituzte.

Iaz  webgune berria aurkeztu zuen udalak. Gardentasunaren ataria jaso zen bertan eta, Kalezainduren bitartez, udalarekin udalarekin zuzeneko harremana edukitzeko tresnak ere bai. Iurreta Zabaltzen aplikazioa ere sortu zuten mugikorretarako. Momentu honetan, 100 aplikazio baino gehiago jaitsi dituzte herritarrek, azaldu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!