Sarrionandiaren testuetan oinarritutako ikuskizuna osatu dute biblioteka eraberritua inauguratzeko

Anboto 2016ko urr. 25a, 12:29
Ikuskizunean parte hartuko dute hainbat lagun izan dira egindako agerraldira

Joseba Sarrionandiaren obra oinarri duen 'Garai Berri eta Garaizar' ikuskizun literarioa osatu dute Iurretako biblioteka eraberrituaren inaugurazio ekitaldirako. Iurretako eta inguruko artista eta disziplina askotariko pertsonen elkarlanari esker sortutako ikuskizuna urriaren 28an, barikuan, aurkeztuko dute. Dena den, biblioteka berria azaroaren 2an zabalduko dute ohiko ordutegian eta zerbitzu guztiekin.

Askotariko arte adierazpenez osoturiko ikuskizuna da, egun horretarako bereziki sortutakoa. "Sarrionandia bai literaturan bai musikan lan oparoa duen idazlea izanik, herritarren artean bere lana ezagutarazteko aukera paregabea da", Iñaki Totorikaguena alkateak nabarmendu duenez, sei hilean itxita egon den bibliotekaren berrirekiera.

Urriaren 28an, 12:00etan, jarri dute hitzordua ekitaldi ofizialerako. Instituzio eta elkarteetako ordezkariak daude horretara gonbidatuta. Herritar guztiei zabaldutako ekitaldia, berriz, 19:00etan izango da.

Literatura, bertsolaritza, musika, kantua eta dantza bezalako arte adierazpenak egingo dute bat biblioteka berriaren irekiera ekitaldian. Joseba Sarrionandiaren testuek eramango dute haria. Ikuskizunak 40 minutu inguru iraungo ditu. Kristina Mardarasek hartu du hitza ikuskizunean parte hartuko dutenen ordezkari moduan: "Pozik parte hartu dugu bibliotekaren berrirekiera ekitaldian. Herriko taldeak gara gehienok, baina gure bihotza jarri dugu ekitaldi honetan". Sarrionandiaren figura ekarri du gogora eta eskarrak eman dizkio bibliotekari ekitaldian parte hartzeko aukera emateagaitik.

Irakurle moduan arituko dira Peru Magdalena eta Kristina Mardaras. Bertsotan, berriz, Eneko Abasolo 'Abarkas' eta Gorka Lazkano. Musika alorrean, Uxue Alonso abeslariak, eta, Eunate Zarrabeitia (bibolina) eta Aitor Astigarraga (ukelelea) musikariek parte hartuko dute ikuskizunean. Baita Iurretako Koroak ere, Antton Mari Aldekoa-Otaloraren zuzendaritzapean. Dantzarekin lotuta, Iurretako Mikel Deuna dantza taldeak eta L'Atelier dantza eskolako dantzariek — Oiane Azkonizagaren zuzendaritzapean— parte hartuko dute.

Azaroaren 2an, zabalik

Apirilaren 15ean hasi zituzten bibliotekaren berrantolaketa lanak, eta, zerbitzua etenda egon da sei hilabetean. Azaroaren 2an, zabalik izango da berriro ere biblioteka berria. "Ditugun baliabideak optimizatzea eta biblioteka bera gaurkotzea. Hori izan dute helburu bibliotekaren berrantolaketa lanek", herriko alkateak nabarmendu duenez. Horren haritik azaldu du metro linealak eta azalera irabazi direla, zerbitzuak berrantolatu direla, irakurketa-guneak sortu direla, eta barne-lanak egiteko espazioa optimizatu dela. "2001ean zabaldu zen biblioteka, eta 15 urte pasata, zenbait arlotan gaurkotzea beharrezkoa zela ikusi dugu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!