Bernako zubia bota eta berria eraikitzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Iurreta eta Zornotzak

Anboto 2016ko abu. 31a, 13:59
Zornotza eta Iurretako alkateak lankidetza hitzarmena sinatzeko orduan

Iurretako Fauste auzorako sarbiderako Bernako (Zornotza) zubia bota eta berria eraikitzeko egitasmoa gauzatu ahal izateko lankidetza hitzarmena sinatu dute Iurreta eta Zornotzako udalek. Lanek 200.000 euroko inbertsioa eskatuko dute, eta bi udalek erdibana egingo diote aurre.

Urte hasierako euriteen eraginez "egoera txarrean" dago Bernako zubia, eta Iurretako Fauste auzoko baserrien eta Zornotzako instalazioen sarbidea denez udalerri biek sarrera hau konpontzea erabaki dute.

Iurretako alkatea den Iñaki Totorikaguenaren berbetan, “lanak hasteko lehenengo pausua izan da proiektua idaztea eta udalerri bien arteko hitzarmena onartzea. Hitzarmena sinatu ondoren URA eta Foru aldundikoingurugiro saileko baimenei itxaron beharko diogu”. Horrela jakin eregin dute helarazitako ohar baten bitartez. Baimen hauek lortu ostean, lanen esleipena egingo dute. Urtea amaitu aurretik gura dute lanekin hastea.

Bestalde Andoni Agirrebeitiak, Zornotzako alkateak udalerri bien arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du: “Hitzarmen honekin berriro ere argi geratzen da auzokideen zerbitzuak hobetzeko eta errazteko ezinbestekoa dela Iurreta eta Amorebieta-Etxanoren arteko lankidetza”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!