Boluntariotza linguistikoa bultzatu dute, etorkinak gizarteratzeko

Anboto 2016ko ots. 6a, 10:00
Ibarretxe kultur etxean aurkeztu dute ‘Elkarrekin Berbetan’ programa, eta dagoeneko eman daiteke izena parte hartzeko.

Herrian gizarteratzeko gainditu beharreko traba izan daiteke hizkuntza etorkinentzat. Hori aintzat hartuta, eta bertara egitea erraztu guran, ‘Elkarrekin berbetan’ programa abiatu dute Iurretan, Bizkaiko Gurutze Gorriagaz lankidetzan. Herrian 3.743 lagun daude erroldatuta, eta horietatik %7,85 dira etorkinak. Hizkuntza tresna gisa baliatuz etorkinen gizarteratzea lagundu gura du egitasmoak.

Boluntariotza linguistikoan oinarritutakoa da ‘Elkarrekin berbetan’: hizkuntza hobetzeko interesa izanik, gaztelaniazko edo euskarazko gutxiengo ezagutza duten etorkinak, eta, gaztelaniaz edo euskaraz berba egiten duten bertoko herritarrak jarriko dituzte hartu-emanetan, elkarrekin hizkuntza era informal batean praktikatzeko.“Eskariaren arabera, euskaraz edo gaztelaniaz aritzeko aukera bideratuko da”. Zorione Fundazuri zinegotziak azaldu duenez.

Hamar saio
Hamar asteko —gutxienez ordubete egingo dute, astean—  konpromisoa hartuko dute. Eta, boluntario zein ikasleekin batzartuko dira, jarraipena egiteko. Amaieran, esperientzia baloratuko dute. Bai hizkuntza ikasi gura dutenek bai horretan lagundu gura duten boluntarioek badute jada egitasmoan izena emateko aukera.
Lehenengoz abiatu da ekimena, Iurretan, eta “erantzun ona” espero dute. Durangon hiru urte dira hasi zirela. ‘Hitz egidazu’ egitasmoan 60 bikote daude.

Eskoletan, zazpi urte dira ume etorkinentzat euskara errefortzua eskaintzen dela; eta, helduentzako hezkuntza iraunkorrerako zentroan ari dira Iurretako 23 etorkin. “Beste asko, baina, ez dira joaten. Horiei dago zuzenduta egitasmoa”. Otsailaren 11n, argibideak emateko hitzaldia izango da kultur etxean, 18:30ean. Gizarte Zerbitzuen bidez eta eskoletara joaz zabaldu gura dute egitasmoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!