Iurretapedia proiektu parte-hartzailea martxan da

Anboto 2015ko aza. 25a, 11:45

Wikipedian Iurreta udalerriaren ezaugarriak ahalik eta egokien idazteko jaio da Iurretapedia proiektua. Ekimen honen bidez, herriko elkarte, eragile, instituzio eta norbanakoek Iurreta udalerriari dagokion atala osatuko dute. Horretarako, lehenik eta behin, Wikipedia zer den eta zelan funtzionatzen duen azaltzeko ikastaroa antolatu dute gaur goizean Ibarretxe kultur etxean. Elkarte eta norbanakoek bihar arratsaldean ere ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute.

Ziortza Onaindia Iurretako Bibliotekako arduradunak azaldu duenez, Iurretaren desanexioaren 25. urteurrena baliatuz Iurretapedia proiektua martxan ipini gura izan dute. Izan ere, Kataluniako beste herri batzuetako esperientziak ezagututa, Iurretan antzeko proiektu bat sortzea gura zuten. Ekimena parte-hartzailea eta euskalduna da oinarrian. Euskarazko atala osatzen denean beste hizkunztetara itzultzea gura dute. "Herriko elkarte eta eragile guztiei gonbidapena luzatu diegu eta denek baietz esan dute", dio Onaindiak. Hala ere, teknologia berrien erabilera elkarte guztien esku ez dagoenez, malgutasun osoz jokatzen ari dira, ahalik eta parte-hartze handiena bermatzeko. Helburua da bakoitzak bere jakintzatik proiektu osoari ekarpena egitea. Horretarako, Xabier Cañas euskal wikilariaren laguntza izango dute. Ondindiak gogoratu duenez, Gerediaga elkarteari lan-ildo batzuk markatzeko eskatu diote, eta oinarri horretatik abiatuta elkarte, eragile eta norbanakoek ekarpenak jasotzea da asmoa.

Iurretapediaren formazio saioak amaituta, abenduaren 12rako hitzordu orokorra jarri dute. Egun horretan, trebakuntza jaso duten elkarteetako kideek eta norbanakoek Iurretapedia osatzeko aukera izango dute.

 

Durangoko Azokan ere bai

Xabier Cañas euskal wikilariak eta Ziortza Onaindia Iurretako Bibliotekako arduradunak Iurretapedia proiektua aurkeztuko dute Durangoko Azokan, abenduaren 6an, 10:00etan. Beraiekin batera, Amarapedia eta Usurbilpedia proiektuen bultzatzaileak izango dira hitzaldian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!