Iurretapedia egitasmoa azaltzeko batzarra deitu dute urriaren 15ean

Anboto 2015ko urr. 13a, 14:02

Iurretapedia egitasmoa antolatu du Iurretako bibliotekak abenduaren 12an. Wikipedia: entziklopedia librean Iurretari buruz editatzeko wikimaratoian (edit-a-thon) parte hartzeko aukera eskaini gura dute ekimenaren bultzatzaileek. Proiektuaren nondik norakoak azaltzeko batzar informatiboa deitu dute, ostegunean, urriaren 15ean. Ibarretxe kultur etxean izango da, 18:30ean.

Gaur egun  wikipedian Iurretari buruz dauden sarrerak berregituratzea eta elikatzea da asmoa, eta horretarako Gerediaga Elkartearen eta euskal wikilarien babesarekin elkarlanean ari dira herri bibliotekako arduradunak. 

Iurretapedia (edit-a-thon) proiektua Iurretari buruzko edukiak sortzeko edo idazteko interesa daukan edonori dago zuzenduta (herritarrak, erakundeak, elkarteak...). Wikimaratoia herri bibliotekan izango da, abenduaren 12an, 10:00etatik 14:00etara bitartean.

Wikipedian editatzeko tailerra ere antolatu dute, aurretik. Azaroaren 23tik 27ra bitartean izango da hori.

Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da. Horretarako biblioteka@iurreta.net helbide elektronikora bidali daiteke mezua edo 94 681 27 26 telefono zenbakira deitu.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!