Ortu ludikoen lagapen berria egingo dute

Anboto 2015ko urr. 5a, 13:35

Bost urte bete dira Iurretako Udalak aisiarako udal-ortuak martxan jarri zituenetik.  Orain, eta, izan duten arrakasta ikusita, lagapen berri baterako prozesua abiatu dute. Hartara, ortuotako bat erabiltzeko eskaria egin gura duenak urriaren 23a bitartean du aukera. Horretarako Bidebarrietako udal bulegoetara jo daitreke.

Herritarrei lurra lantzeko eremu bat eskaini eta norberaren kontsumorako fruituak jasotzeko aukera eman gura dute aisiarako udal-ortuekin. Aldi berean, “aisialdi eta ongizate aukera bat eman” erabiltzaileei. Horrela azaldu dute udal arduradunek. Ostuen lagapena bost urterako izango da, 2016ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra arte, eta, eskatzaileek hortikultura ekologikoari eta instalazioen erabliera zuzenari buruzko sei orduko ikastaroan parte hartuko dute.

Instalazioen mantenurako eta behar duten pertsonei laguntza emateko begirale bat egingo da instalakuntzetan. Era berean, Iurretako Udalak erabiltzaileen esku utziko ditu beharrezko tresna eta makinaria. 75 metro koadroko ortua izango du bakoitzak eta bere esku utziko dute bertan zer landu..

Ortu ludiko horietako bat eskatu gura duenak nortasun agiriaren eta familia liburuaren fotokopiak eraman behar ditu. Baita medikuaren txostena edo ziurtagiria ere. Hala badagokio  langabezian egotearen edota jubilatu, pentsiodun edo ezgaitasuna izatearen ziurtagiria  ere aurkeztu beharko da.

Informazio gehiagorako udal bulegoetara jo daiteke edo 94 620 12 00 telefono zenbakira deitu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!