Aurrekontuek Santa Apolonia eta Orozketa arteko lotura eraikitzea ahalbidetuko dute

Anboto 2015ko uzt. 3a, 09:19

Gaur goizean onartu dituzte 2015erako udal aurrekontuak Iurretan. EAJren aldeko botoekin eta oposizioaren ezezkoarekin onartu dira aurtengo kontuak. Iñaki Totorikaguenak azaldu duenez, aurrekontuak onartzeko "premia" zuen udalak, proiektu batzuk martxan ipini ahal izateko. Santa Apolonia eta Orozketa lotuko dituen bidea eraikitzea da egitasmo horietako bat. Oposizioak (PSE-EE eta EH Bildu) kontra bozkatu du, aurrekontuak aurreikusten dituen lanaldien balorazioagaz ez daudelako ados.

 

2015eko aurrekontua 5.708.000 eurokoa da, iaz baino, ia 500.00 euro gehiagokoa. Inbertsioen atalean, premiazkoak diren proiektuak zituela udalak aurreratu du Iñaki Totorikaguena alkateak. Izan ere, udan egin gura zituzten ikastetxeko leihoak aldatzeko (50.000 euro) mailegu gehigarria eskatua zuen udalak. Era berean, pilotalekuko aldagelak atontzeko beste 50.000 euro bideratu gura dituzte. Aurrekontuekin batera diru-laguntza berri bi onartu dituzte, Hamadako Izarrak eta Amatxorbe elkarteenak, hain zuzen.

 

"Lehentasunezko proiektua"

Totorikaguena alkateak Santa Apolonia eta Orozketaren arteko lotunea eraikitzea "lehentasunezko proiektua" dela azpimarratu du. Momentu honetan Santa Apoloniarako sarbidea Durangotik bakarrik egin daiteke. Trena lurperatzen den lekuan konexioa egitea da udalaren asmoa. Horretarako 130.000 euroko diru atala aurreikusi du udalak.

Aurrekontuak jasotzen duen beste inbertsioetako bat Goiuria auzorako ur hornidura proiektua da. Totorikaren ustez, "baliteke aurten denborarik ez ematea proiektua martxan jartzeko".

 

Lanpostuen balorazioa

PSE-EEk eta EH Bilduk aurreko legegintzaldi amaieran gogor kritikatu zuten lanaldien balorazio berria. Apirilaren 27ko udalbatzarrean arrazoi horregatik ez ziren aurrekontuak eztabaidatu ere egin gai ordenean egon arren, EAJk ez baitzuen gehiengorik. Oraingo honetan, lanaldien balorazioa onartu barik aurrera irten dira aurrekontuak, maiatzaren 24ko hauteskundeez geroztik jeltzaleek gehiengoa baitute Iurretako Udalean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!