Errekor berriak eta ezusteko irabazleak Iurretako Hiri Proban

Anboto 2015ko api. 20a, 17:13

Parte hartzaileen maila handia ikusita antolatzaileek iazko errekorrak hobetzea itxaroten zuten, baina errekor horien protagonistak ezustekoa izan dira.

Atzo jokatu zen Iurretako Herri Proban Carlos Alonso asturiarra nagusitu zen gizonetan. Maila oneko korrikalaria da, baina batez 1.500 metrotan.  Horregatik, Iurretako proban indarrak neurtuz aritu zen. Lasterketako zatirik handienean onenek markatzen zuten erritmoari eustea izan zuen helburu; ondoren, azken metroetako esprintean, bere abiadura praktikan jarri eta faborito denei nagusitu zitzaien. Gainera, iazko errekorra sei segundotan hobetu zuen: 29.28. El Hassan Oubaddi eta Dani Mateok osatu zuten poiduma; Iban Fernándezek laugarren posturekin konformatu behar izan zuen.

Emakumeetan etorri zen ezustekorik handiena. Kaotar Boulaid marokoarrak irabazi zuen.  Korrikalari ezezaguna zen denentzat: “Lasterketaren amaieran beragaz egon nintzen eta kontatu zidanez denbora bat darama Kantabrian bizitzen, baina oraintsu lortu ditu beharrezko dokumentazioa eta fitxa. Inondik ere oso gertutik jarraitu beharko dira bere ibilerak”, adierazi du Bidezabaleko Juan Ignacio Hernándezek. Ez zaio arrazoirik falta; iazko errekorra 35 segundotan hobetu eta berria 34.09ean ezarri zuen. Gainera, azpimarragarria da garaipena lortzeko modua ere: ez zen esprintera izan, lasterketan zehar atzean utzi zituen faborito denak eta helmugan 26 segundo atera zizkion Iris Fuentes Pila bigarren sailkatuari. Estela Nabascues sailkatu zen hirugarren. Iraia Garcia zornotzarrak bosgarren amaitu zuen.

Antolatzaileak oso pozik daude atzoko probagaz. 350 parte hartzaile izan ditu eta elite mailan iazko partaidetza bibidertu dute.

SAILKAPEN GUZTIAK:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!