Iurretan maila goreneko proba herrikoia jokatuko dute domekan

Anboto 2015ko api. 15a, 17:00
Cristina Petite, Iñaki Totorikaguena alkatea eta Juan Ignacio Hernández gaurko aurkezpen ekitaldian.

Domekan Iurretako Hiri Proba lehiatuko dute Iurretan. Iazko partzea bibidertu eta 160 bat parte hartzaile batzea itxaroten dute. Maila handiko korrikalariak etorriko dira Iban Fernández eta Iris Fuentes pila, tartean. Antolatzaileek lasterketa herrikoia dela gogoratu eta parte hartzeko deia luzatu dute. 

Iaz zirkuitu berria estreinatu zuten Iurretako Hiri Proban. Hirigunetik atera eta Espainiako ranking-etarako baliagarria den berri bat diseinatu zuten, maila handiko korrikalarientzako amu moduan. Aurten eta aurrerantzean zirkuitu hori mantenduko dute. Beraz, probak 35. aldia beteko duen arren, iazko denborak dira egungo errekorra. Eta aurten marka horiek hobetu egin daitezkeela uste dute Bidezabaleko antolatzaileek. Parte hartzea bikoiztu dute eta maila handiko korrikalariak datoz. Onenen arteko “borroka emozionantea” itxaroten du Juan Ignacio Hernández antolatzaileetako batek.

Gizonetan iazko lehenengo bi sailkatuak etorriko dira: Iban Fernández (Bikila) eta El Hassan Oubaddi (Real Sociedad). Fernández hilaren 26an Hamburgon jokatuko den maratoia prestatzen ari da eta ikusi egin beharko da proba laburragoan zer maila eskaini dezakeen. Bi horiekin batera, Dani Mateo (U. Guadalajara) eta Hamid Ben Daud (Playas de Castellon) ere faboritoen artean daude. Mateok 15. tokian amaitu du oraintsu jokatu den Munduko kros txapelketa: “Bera izan da estatu mailako lehen korrikalaria. Une honetan Espainian dagoen fondistarik onena dela esan daiteke”. Ben Houde, berriz, lehenengo tokian sailkatu zen Espainiako Kros Txapelketan, baina ez zen txapeldun izan, marokoar nazionalitatea duelako.

Emakumeetan ere maila handiko korrikalariak datoz. Iris Fuentes Pila (Santutxu A.T.) 1.500 metrotan espezialista da, baina 10 kilometroko probetan ere ondo moldatzen da. Aurretik irabazia du Iurretako Hiri Proba. Iaz ez zen maila onean aritu eta, horregatik, aurten gogotsu etorriko dela uste dute. Estela Navascues (New Balance) maratoietan goi mailan dabil, baina lasterketa laburragoetan ere maila ona du. Doinia Mahassin-ekin (Bidezabal) ere faboritoen artean dago; gaztea da —promesen maila—, baina Atapuercaco kros prestiotsua irabazi du, gazte mailetako errekor denak dituen Celia Anton bera menderatuz. Iraia Garcia (Santutxu A.T.) zornotzarra ere aurrekoekin borrokan egon daitekela uste dute.

Iaz, Iban Fernándezek 29.34ko denbora erabali zuen zirkuitua osatzeko eta Sonia Bejaranok 34.44koa. Aurtengo parte hartzaileen maila eta motibazioa ikusita, errekor berriak ezarri daitezkeela uste dute antolatzaileek.

Zirkuitua Iurreta eta Durangotik

Bost kilometroko zirkuitua iazko bera da. Elite mailakoek itzuli bi emango dizkiote. 12:00etan Maspen hasi, eta Sasikoa kaletik Orozketa auzorantz joango dira; handik buelta hartu eta Santa Apoloniatik itzuliko dira Iurretara.

Parte hartzeko deia

Lasterketa herrikoia den arren, zale amateurrei parte hartzea kosta egiten zaiela onartu du Hernándezek, maila handiko korrikalarien artean lekuz kanpo sentitu balira lez. Apurka afizionatuak erakartzea dute helburu. Bide horretan, gaur Iurretako Ibarretxe kultur etxean egin duten aurkezpenean Cristina Petite korrikalari ohiak parte hartzeko deia luzatu du: “Munduko txapelketan edo olinpiar jokoetan aritu diren korrikalarien artean lehiatu ahal izatea ez da egunero sortzen den aukera. Aukera paregabea da euren ondoan aritzeko”. Probaren egunean bertan eman daiteke izena, lasterketak hasi baino ordu bat lehenagora arte.

Txupete lasterketa

Iaz lehenengoz 2009tik aurrerako umeentzako Txupete Lasterketa antolatu zuten. 100 umek parte hartu zuten eta aurten 200 metroko lasterketa hori errepikatuko dute gaztetxoen artean zaletasuna sustatzeko.

ORDUTEGIA

- 11:00; Kadete eta gazte mailako lasterketa (2.400 metro herrigunean)

- 11:20; Benjamin aurrekoen lasterketa (800 metro)

- 11:40; Kimu mailako lasterketa (1.600 metro)

- 12:00; Junior, absolutu eta beteranoak (5 km / 10 km)

- 12:05; Txupete Lasterketa (200 metro)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!