Euskararen erabilera indartzeko ideiak batzen

Anboto 2015ko mar. 5a, 12:15
Martitzenean Elhuyar Aholkularitzako teknikariek ateratako argazkia.

Iurretan euskararen aldeko  sentsibilizazio kanpaina bat diseinatzeko lehen batzarra egin zuten martitzenean. Udalak aurreikusita dituen ekimenei errepasoa egin, beste herri batzuetako sentsibilizazio kanpainak aztertu, eta Iurretarako ideiak batu zituzten.


Elhuyar Aholkularitzak bideratutako batzarrean, hainbat ideia batu zituzten; esaterako,  herriko nagusien berbaera jasotzea eta zabaltzea, gazteentzako lehiaketak egitea, merkataritza arloan kanpaina indartzea, guraso atzerritarrekin sentsibilizazioa lantzea, eta gazte hizkerako gaztelaniazko esaldiak euskaratzea eta zabaltzea.  

Iaz arte, udaleko Euskara Planari jarraipena egiteko talde bat egon da, eta, sentsibilizazio kanpaina diseinatzeko, taldea zabaltzea adostu zuten. Martitzeneko batzarrean hamabost lagun batu ziren; ikastetxeetako ordezkariak, elkarteetakoak, udalekoak eta herritar norbanakoak. Hurrengo batzarra Aste Santu ostean egingo dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!