N-634an abiadura muga 40 km/h-ra jaistea eskatuko du Iurretako udalbatzak

Anboto 2015ko ots. 27a, 12:37

Eguazteneko osoko bilkuran onartu zuten mozioa. 2013an ere, zarataren inguruko azterketa egin eta gero, abiadura mugak murrizteko eskaria egin zuen Iurretako Udalak, baina 50 km/h-tik 70 km/h-ko abiadura mugara igo dute oraintsu.

Bilduko udal taldeak aurkeztu zuen mozioa, eta aldaketa batzuk adostu eta gero, eguaztenean onartu zuten, EAJ, Blldu eta PSE-EEren aldeko botoekin eta PPren abstentzioarekin.

Errepide nazionaleko trafikoak eragiten duen zarata dela eta, azterketa agindu zuen 2013an Iurretako Udalak, eta zarata hori baimendutako maila baino altuagoa zen. Duela urte bi asteon egin duten antzeko eskaria egin zuen udalbatzak: "Txostenean abiadura handituz gero zarata ere handituko zela ondorioztatzen zen, eta horregatik abiadura gutxitzeko neurriak behar zirela azaldu genuen", gogorarazi du Bilduko Zorion Agirrezabalek.

Zarataren arazoa, orain, hobetu baino "larritu" egin da: Duela hile batzutatik 50 km/h-ko seinaleen ordez 70 km/h-ko muga adierazten duten seinaleak daude Iurreta erdibitzen duen N-634 errepidean.

Osoko bilkuran onartu duten mozioan abiadura muga 40 km/h-ra jaistea eskatu dute, 2013an egin zuten moduan, eta muga hori errespetarazteko neurriak hartzea. Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, foru aldundia lanketa egiten dabil, "baina konpromiso zehatzak hartzea eta epe batzuk jartzea gurako genuke".

PSE-EEko Angeles Muñozen berbetan, "eskatu eta kontrakoa egin dutela ikusita, nik hilero bidaliko nuke eskari hau, ea behingoz kasu egiten diguten". PPko Nacho Toca abstenitu egin da, "gaia Batzar Nagusietan lantzen dabiltzalako".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!