Ipuinak eta kantuak errezetatuko dituzte anbulategian

Anboto 2015ko urt. 27a, 14:55
Galtzagorri elkarteko, osasun zentroko eta udaleko ordezkariak, gaurko agerraldian.

Irakurzaletasunak garapen intelektual zein emozionalean duen garrantziaz jabetuta, Bularretik Mintzora ekimenagaz bat egin du Iurretako osasun zentroak.

Jaioberriak direnetik zortzi urte betetzen dituzten arte, haurren eta euren familietan irakurzaletasuna bultzatzeko Bularretik Mintzora ekimenean parte hartzen du Iurretako Udalak, 2008. urtetik. Orain arte, herriko ikastetxearen eta Herri Bibliotekaren indarrak batu dituzte helburu horretan: besteak beste, hezitzaileei eta gurasoei ipuinen eta kantuen inguruko formazioa eskainiz. Izan ere, "umeek literaturagaz gozatzen ikas dezetan, haurrekin harremanetan dauden helduak hezitzea" baita Bularretik Mintzora ekimenaren helburu nagusienetakoa.

2015ean, beste pausu bat emango dute, Iurretan, arlo horretan: herriko osasun zerbitzuaren bitartez, bi hilebetetik aurrerako Iurretako haur guztiengana zabalduko dute ekimena. 2015 eta 2016 urteetan jaiotako umeen familietan irakurzaletasuna bultzeko protokoloa diseinatu baitute.

Haurren ohiko osasun kontroletan, irakurzaletasunagaz loturiko gomendioak emango dizkiete osasungintzako profesionalek familiei, eta Galtzagorri elkarteak argitaraturiko materiala (jokoak eta kantak biltzen dituen cd-liburua) banatuko diete, besteak beste.

Lan hori burutu ahal izateko, 2014ko udazkenean zehar irakurzaletasunari buruzko formazioa jaso dute Iurretako anbulategiko pedriatra eta herizainek. Izan ere, aurkezpenean azpimarratu dutenez, "haurrak txikiak direnetik, ahozko eta idatzizko testuak partekatzeak hobetu egiten baitu umearen garapen afektiboa, intelektuala, eta hizkuntzarena".

Bularretik Mintzora ekimena bultzatzen duen Galtzagorri Elkartearen ordezkariak, Itziar Zubizarretak, azpimarratu du, "Biblioteka eta osasun zentroa lotu" gura dituztela egitasmo honegaz, "Biblioteka abiapuntu eta helburu hartuta".

Iurretan martxan ipiniko duten honen pareko ekimenean Bilboko Abusu auzoko osasun zentroa dela aitzindari azaldu du Zubizarretak, eta emaitza ederrak eman dituela. Bidea zabaltzen dihardu, apustu honegaz, beraz, Iurretako Udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!