Maspeko tuneleko obrak geldi, eta enpresa konkurtso egoeran

Anboto 2014ko urr. 30a, 09:07

Maspe eta Bixente Kapanaga lotzen dituen tuneleko lanak astelehenean amaitu behar zituzten, baina amaitu barik daude. Enpresak epea luzatzeko eskaria egin du, baina Iurretako Udalak ez dio onartu. Gainera, duela egun gutxi konkurtso egoeran sartu zen enpresa, eta udalak kontratua etetea erabaki du. Tuneleko lanetan falta dena indibidualki kontratatuko dute.

Abuztuaren amaieran esleitu zituzten pasabidea berrizteko lanak, eta enpresak bi hileko epea izan du lanak amaitzeko. Astelehenean, urriaren 27an, amaitzen zen epe hori, eta tunelean oraindik zati handi bat geratzen zen amaitzeko. Enpresak epea luzatzeko eskatu du, baina legezko luzapen hori hamabost egunekoa da eta denbora tarte horretan lanak amaitzeko astirik ez dagoela azaldu zuen atzo Iñaki Totorikaguena alkateak osoko bilkuraren amaieran, galde-eskarien tartean.

Horrez gainera, konkurtso egoeran sartu da obrako enpresa arduraduna. Egoera ikusita, kontratua amaitzeko prozedura hasi dutela azaldu du Totorikaguenak. Orain arte egindakoa ordainduko du udalak, eta kontratua bertan behera geratzen denean, tunelean falta diren zatiak gremioka kontratatuko ditu. Elektrizitatea jartzea, lurreko baldosak ipintzea eta hormetako eta sabaiko igeltsua edo pladurra ipintzea falta da. Gabonetarako tunela amaituta egotea espero du alkateak. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!