Victor Dávila, errealzalea: "Aranburu eta Zurutuza dira Errealaren historian gehien miretsi ditudanak"

Anboto 2014ko urr. 25a, 10:00

Durangaldeko errealzaleek Anoetako partiduak ikustera autobusean joateko aukera dute. Bilbotik abiatzen zen autobusa beteta joaten zela-eta, bigarren autobus bat jartzeko ekimena ipini dute martxan. Oraindik plazaren bat libre dago.


Noiztik zara errealzalea?
Txikitatik. Gainera, nire familian ez dago errealzalerik. Egia esan, ez dut Errealekoa zergatik naizen azalduko lukeen oroitzapenik.

Bazkidea ere bazara.
Aurten bazkide egin naiz. Orain arte bazkide egin ez banaiz, asteburuetan lan egiten nuelako izan da.

Autobusa jarri duzue Durangaldetik Anoetako partiduak ikustera joateko.
Bai, derbi edo partidu garrantzitsu baten aurrean, egun osorako bazoaz, inork ez du autoa eraman nahi. Erreala hazten dabilela ikusita, bagenekien Bizkaian eta Durangaldean bazkide asko zeudela. Lagun bi hasi ginen zer egin genezakeen pentsatzen, eta autobusa jartzeko ekimena ipini genuen martxan.

Autobusa bete duzue?
Betetzetik gertu gaude, baina oraindik plaza batzuk libre daude, baten batek izena eman gura badu (durangotxuriurdin@gmail.com). 40 inguruk eman dugu izena. Errealak eta Aizpurua autobus konpainiak erraztasun asko eman dizkigute, eta asko eskertzen diegu lagundu izana.

Autobus bat bazegoen aurretik ere.
Bilbotik aspalditik irteten da autobus bat. Iurretan eta Ermuan geldialdiak egiten zituen, eta bete egiten zen. Beraz, plazarik ez genuen asko geunden. Horregatik, autobus horretan gehienak Ermukoak zirela ikusita, pentsatu genuen Durangaldeko eta Bilboko jendeak izena emanez gero, Ermukoekin autobus bat jarri zitekeela, eta Bilbotik Iurretara artekoekin beste bat. Horixe da lortu duguna. Bilbotik irten eta, Zornotzan eta Iurretan geldialdiak egin ostean, Anoetara joaten da. Bigarren autobusak, berriz, Ermua eta Anoeta lotzen ditu.

Zelan bizi duzu inguru athleticzale batean errealzalea izatea?
Gustuko dut. Aurka egitea gustatzen zait [barrez]. Gainera, nik ere adarra jotzen diet.

Athleticek galtzen duenean gozatzen duen horietakoa al zara?
Ez dut gozatzen, baina irabazten duenean poztea kosta egiten zait. Esaterako, Napoliren kontra partidu garrantzitsu bat izan zuten. Irabazi izanak ez ninduen poztu, baina galdu izan balute, ez nintzatekeen poztuko, partidu garrantzitsua zelako. Horra heldu badira, merezi dutelako izango da.

Derbiak zelan bizi dituzu?
Oso zalea izan naiz, eta orain lasaitzen hasia nago. Orain, futbolaz gozatzen dut, baina lasaitasunetik.

Denboraldia ez doa ondo.
Erreala talde txiki bat da, batez ere harrobian, umiltasunean eta lanean oinarritzen dena. Hortik irteten badira, intentsitate barik partiduak irabaztea ezin da espero. Beste sasoi batzuetako espiritua falta da.

Entrenatzailearen alde zaude?
Zortzi partidu jarraian galduz gero, ohikoena entrenatzailea botatzea izaten da. Baina gaur egun dugun presidentea ezagutu dudan onena da. Eta berak eta zuzendaritzak uste badute onena entrenatzailea ez botatzea dela, uste dut lan hori ondo eginda dagoela. Nik egin dezakedana taldea animatzea da. Astebetean dena aldatu daiteke. Gainera, entrenatzailea etxekoa denean errazagoa da kritikatzea.

Errealaren historiatik zein da gehien miresten duzun jokalaria?
Mikel Aranburu eta David Zurutuza. Erdilariak gustatu zaizkit beti. Aranburu gogoko dut jokalari moduan eta islatzen dituen balioengatik. Pertsona isila da, ika-miketan sartzen ez dena, harrokeria gabea, eta langilea. Harrobikoa eta taldekoa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!