Sahara herrira hurreratzeko egitaraua antolatu dute Munduko Paisaiak ekimenaren baitan

Anboto 2014ko urr. 20a, 13:08

Saharako gaur egungo egoerari buruz hitzaldia emango dute Saharagaz lan egiten duten Euskadiko Fronte Polisarioaren ordezkaritza, Herria Auzo elkartea eta Rio de Oro elkarteek, hilaren 28an. Zine-kluba, erakusketak, ipuin-kontalariak, familia tailerrak eta elkartasun mendi ibilaldia daude egitarauaren barruan.

Kultura batengana hurreratu eta herri bat ezagutzeko aukera emango du aurten ere Munduko Paisaiak ekimenak. Iurretako bibliotekak eta herriko hainbat elkartek elkarlanean, egitaraua antolatu dute datozen bi asteetarako.

Urriaren 28an hasiko dute egitaraua. Egun horretan bertan, 'Saharako ahotsak: ahanzturaren kontrako erresistentzia' erakusketa ipiniko dute kultur etxean, eta liburutegian Saharako liburu, musika eta filmen bilduma ipiniko dute. Iluntzeko 19:00etan Saharako errealitatea gertutik ezagutzen duten hiru elkarteko kideak izango dira hitzaldian. Euskadiko Fronte Polisarioko Ordezkaritza, Herria Auzo elkartea eta Rio de Oro Durangoko elkarteko kideak izango dira hizlari Ibarretxen.

Hurrengo egunean, 29an, emakume saharauien egoerari buruz berba egingo du Arantza Chacon SEAD-en Lagunen elkarteko kideak, 19:00etan.

Urriaren 31n DBH 4 eta Batxilergoko ikasleentzako tailer praktikoak egongo dira eta arratsaldean Saharako jolasak ezagutzeko aukera egongo da, Panpotx kultur elkarteko Saharako begiraleekin.

Mendi martxa, Rio de Ororen alde

Munduko Paisaiak ekimeneko ekitaldi jendetsuena Zaldai Mendi Taldeak Iurretako auzoetatik antolatzen duen mendi martxa izaten da. Aurten, azaroaren 9an izango da mendi ibilaldia eta  Iurretako iparraldeko auzoetatik ibiliko dira, bi ibilbidetan: Luzea 23 kilometrokoa eta laburra 15ekoa. Urriaren 27tik azaroaren 6ra aurretik eman ahalko da izena. Nagusiek 5 euro ordaindu beharko dute eta adin-txikikoek doan. Egunean bertan ere eman daiteke izena, eta orduantxe nagusiek 7 euro ordaindu beharko dituzte eta adin-txikikoek bi. Izena ematerakoan ipinitako dirua Rio de Oro elkartera bideratuko da. 

Urtero berrehun herritar inguruk parte hartu izan dute mendi martxa berezian, "orain arte baina nahiko zorte txarra izan dugu eguraldiarekin, ea aurten".

Saharari buruzko kulturgintza

Saharari buruzko ipuin, liburu. film eta diskoekin gida bat kaleratu du bibliotekak, eta zine-klubean Eztizen Mirandaren 'Egiaren hazia' eta 'Lekukoen oroimena' film laburrak ikusiko dituzte azaroaren 5ean, egileagaz Azaroaren 7an, ipuin kontalariak egongo dira arratsaldean, umeentzat eta nagusientzat, eta irakurketa klubean ere Saharako liburuak landuko ditzute azaroaren 12an eta 13an.  

Saharagaz hartuemana 2002tik

Urteak dira Iurretak Saharagaz hartueman berezia daukala. Iñaki Totorikaguena alkateak gogoratu duenez, 2002an senidetza hitzarmena sinatu zuen udalak La Guerako Daira herriagaz. Han, besteak beste, hirugarren adinerako eta gazteek ikasteko etxe bat eraikitzeko proiektuetan lagundu du udalak.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!