Blanca Mata: "Irakurtzea plazerra dela esaten da, baina eskubidea ere bada"

Anboto 2014ko urr. 19a, 10:00

Aste honetan irakurketa erraza zer den azaltzera etorriko da Blanca Mata Iurretako Herri Bibliotekako jardunaldietara. Irakurtzeko eta ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonak populazioaren %30 direla kontuan hartuz gero, irakurketa erraza erabiltzen duten kolektiboetako profesionalak trebatzea izango da Mataren helburua.



Zer da irakurketa erraza?
Irakurketa edo ulermen arazoak dituzten pertsonei irakurketa hurreratzeko modu bat da. Irakurketa esaten dudanean, bere alderdi guztiei buruz ari naiz: literatura, informazioa edo idatzizko edozein eduki. Irakurketaren demokraziaren printzipioan oinarrituta dago. Hau da, pertsona guztiek kultura eta informazio eskubidea dute. Era berean, kulturaren bidezko integrazio eskubidearen printzipioan ere oinarritzen da. Edukiari dagokionez, dokumentuak, webguneak edo idatzizko edozein eduki izan daiteke moldagarria.

Irakurketa erraza nori zuzenduta dago?
Populazioaren %30ak ditu zailtasunak irakurtzeko eta ulertzeko, eta horiei dago zuzendua. Zifra hori herrialde garatu askotan daukate. Kolektibo oso ezberdinak daude: zailtasunak beraien bizitzako momenturen batean aldi baterako izaten dituztenak; etorkinak; urritasun intelektuala dutenak; pertsona nagusiak; berandu eskolatutako pertsonak; eta dislexia, PDA edo autismoa dutenak, besteak beste.

Euskadi Irakurketa Erraza erakundeak zelan eman ditu lehenengo pausoak?
EAEn irakurketa errazaren arloan zegoen hutsunea betetzeko sortutako erakundea da. Irakurketa erraza bultzatzea eta horren inguruko zerbitzuak eskaintzea da helburua.

Zelan heldu zinen irakurketa errazaren mundura?
Kazetaria naiz formakuntzaz, eta komunikazioan jardun dut hamabi urtez. Arlo hau kasualitatez ezagutu nuen. Kontzeptua bera ezagutu nuen, eta ikertzen hasi nintzen. Kataluniagaz hartu-emanean jarri nintzen, gai hau lantzen dihardutelako azken hamarkadan. Istorio honekin maitemintzen joan naiz. Euskal Herrian arlo honetan ez denez ezer egin, irakurketa erraza ezagutarazten hasi nintzen, kolektibo askok beharra dutelako.

Irakurketa errazaren barruan erakunde honek zer pauso eman ditu?
Irakurketa erraza arlo guztietan bultzatzea da asmoa, eragile asko inplikatuta. Europa iparraldeko herrialdeak erreferentzia dira 60ko hamarkadatik. 40 urteko esperientzia dute gai honetan. Gure kasuan, urte bi daramatzagu irakurketa erraza lantzen. Alde batetik, liburutegietara heltzen saiatzen gabiltza. Eta, bestetik, argitaletxeetara heldu gura dugu, nobelak formatu honetan landu ditzaten.

Irakurketa erraza zergatik da hain ezezaguna hemen?
Europa iparraldeko herrialdeek ongizate gizartea garatuago dute, eta irakurketaren eta hezkuntzaren arloan aurreratuago daude. Hasieran, herrialde horietan irakurketa erraza sortu zutenean, urritasunen bat zuten kideez osatutako taldeei zuzendua zegoen. Ondoren, konturatu ziren beste askorentzat ere abantaila izan zitekeela. Nik uste dut gobernuan dauden alderdien inplikazio mailak eragina duela. Suediako parlamentuan, esate baterako, ez da dokumentu bat ere irteten hizkuntza lauaren inguruan diharduen batzordetik pasatu barik. Irakurketa erraza lantzen duten egunkariak ere badituzte. Gardentasunaren eta informazioaren irisgarritasuna oso lotuta daude. Irakurketa plazerra da, baina eskubidea ere bai. Literatura mundu guztiak gozatzea oso barneratuta dute Suedian, eta ideia hori hona 40 urte beranduago iritsi da. Gainera, lehenengo Kataluniara heldu da. Irakurketa erraza asko erabili izan dute katalana irakasteko. Era berean, urritasun intelektualaren arloan zer edo zer landu dute arlo honetan, baina inguru horretarako bakarrik landu dute.

Irakurketa erraza arlo askotan aplikatu daiteke.
Bai, pisuen salerosketa kontratuak irakurketa errazera moldatu ditugu etxe agentzia batentzat. Informazioa errazteko erronka duen jendea badago. Erakunde publikoak ere inplikatu gura ditugu testu lauak lantzeko. Gasteizko, Bilboko eta Barakaldoko udalek, eta Bizkaiko Batzar Nagusiek honen inguruko mozioak onartu dituzte.

Dokumentu asko hizkuntza lau horretan irakurtzea edonork eskertuko luke.
Irisgarritasunagaz gertatzen den moduan, urritasunen bat dutenek arrapalak eta igogailuak beharrezko dituzte, baina besteoi ere ondo etorri dakizkiguke. Irakurketagaz berdin gertatzen da.

Sare sozialetan eta informazioan oinarritutako gizarte honetan, informaziora heldu, eta informazio hori ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonak zelako egoeran daude?
Gure gizartean informazio asko dugula eta bertara heltzea erraza dela uste duen jendeagaz egiten dute topo. Baina irisgarritasun horrek ez du esan nahi informazioa heltzen zaienik. Webgune bat nabigatzeko oso erraza izan daiteke, baina edukiak ez badira ulergarriak berdin-berdin jarraitzen dute. Amorrua ematen du, askorentzat sinplea dena beraientzat ez delako horrela.

Liburutegiek zabalkundea eman diezaiokete?
Liburutegi batek ezin ditu liburu hauek eduki, eta beste ezer ez egin. Material hori irakurriko duen kolektiboengana jo behar du informazioa zabaltzeko. Ildo horretatik Iurretako liburutegia lan ona egiten ari da, eta kolektibo horietan diharduten profesionalekin jardunaldiak antolatuko ditugu.

Euskarazko irakurketa errazik badago?
Apirilean Gaumin argitaletxeak euskarazko lehenengo lau lanak kaleratu zituen. Bi itzulpenak dira, eta beste biak irakurketa errazean oinarrituta idatzi dituzte. Fernando Morillo idazleak eta Ander Izagirre kazetariak idatzi dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!