Arriaundiko pastelgintza sailean subrogazio orokorra exijitu dute

Anboto 2014ko ira. 24a, 14:11

Enpresaren proposamen berria ez du ondo ikusi LAB sindikatuak; pastelgintza atalean, hamalau beharginetik bost bakarrik subrogatu dituzte. Durangon kontzentrazioa egin dute beharginek, LAB eta UGTk deituta.

Arriaundi enpesako beharginek protestan jarraitzen dute. Apirilean lehertu zen arazoa, enpresak pastelgintza saila itxiko zuela iragartzerakoan. LABek protestak hasi zituen uztailean, eta sail horretako behargin guztiek 22 eguneko greba egin zuten. Azkenean, enpresa atzera bota da, LABekoen ustez “presio eta borroka sindikalagatik”. Baina, proposamen berria ere ez dute ondo ikusi. Hamalautik bost behargin bakarrik subrogatu ditu enpresak, pastelgintzatik okindegira pasatuz, eta subrogazio hori orokorra izatea exijitu du sindikatuak. 

Okindegian ere arazoak izan dira. Soldata murrizketa iraunkorrak ezarri zituzten ELA eta CCOO sindikatuekin adostuta, eta LABek epaitegira eroan du gaia. Gogoratu dute, egutegia eta aparteko soldaten gaiak ere epaitegira eroan zituztela, eta irabazi dituztela.

“Enpresak jarrera aldatu behar du”, diote LABekoek. Negoziaziora batu eta “inposaketa eta txantaiak” alboratzea eskatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!