Herrigunetik kanpora zabalduko dute inoizko Hiri Proba herrikoiena

Anboto 2014ko ira. 15a, 13:57

Ibilbidea aldatuta dator aurtengo Iurretako Hiri Proba. Hori izango da domekan jokatuko den 34. edizioko nobedade handiena.

Orain arte, herrigunean prestatu izan dute zirkuitua, baina oraingoan kanpora zabalduko dute. Maspe kalean hasita, Durangon sartuko da, Aramotz auzo ingurutik Iurretako Arandia partera joateko. Han, bidegorria hartu eta berriro Masperantz bueltatuko dira korrikalariak. Bost kilometroko ibilbidea da, probari grazia berri bat emango diona. Horrez gainera, inoizko lasterketa herrikoiena izango da. Izan ere, Bidezabal talde antolatzailekoek herritarren partaidetza bultzatu dute.

Astelehenean egin zuten Hiri Probaren aurkezpena Juan Ignacio Hernandezek eta Cristina Petitek, herriko alkate Iñaki Totorikaguenak babestuta. Petitek azaldu zuen zirkuitua probatu duela, eta polita iruditu zaiola. Gainera, zaleek eta partaideen hurkoek ibilbidean zehar egoteko erraz daukatela nabarmendu zuen. Maspeko helmugaz ere berba egin zuen Petitek: “Ia igartzen ez den igoera bat dauka, baina eragin muskularragatik erabakiorra izan ahal da”. Lasterketak fama ona dauka atleta abadiñarraren ustez: “Jendea oso gustura etortzen da”. Berak urte batean irabazteko zortea eduki zuela gogoratzen du: “Kaleak ez dira zabalak, eta ileak tente edukitzen dituzu helmugara ailegatzean”.

Herritarrak, elitekoekin
Goi mailan dabiltzan atletak etorriko dira Iurretara, baina azken urteetan aurrekontua asko bajatu eta gero -aurten %30-,  duela urte batzuetako kopururik ez da ikusiko. Espainia mailan garaipenengatik borrokan dabiltzan zenbait etorriko dira Iurretara. Emakumeen artean Iris Fuentes eta Paula Gonzalez izango dira faborito, Bidezabaleko Sonia Bejaranogaz batera. Gainera, Hernandezek esandakoaren arabera, seguruenik Iraia Garciak ere parte hartuko du; zornotzarra Euskadiko txapelduna da krosean. Gizonen atalean, ostera, Ivan Fernandez eta Daniel Mateo dira izen handienak.

Baina, aurrekontuak beste eredu baterako jauzia ematera behartu ditu antolatzaileak. Izaera herrikoia hartuko du, eta afizionatuak eliteko kirolariekin egongo dira. Hernandezen iritziz korrika egitea goraldian dago, eta baldintza hori aprobetxatu gura dute. Gura duenak Bidezabaleko webgunean dauka apuntatzeko aukera, eta iurretarrek erdia ordainduko dute. Guztira, 150 atletatik gora egotea aurreikusten dute.  Totorikaguenak etapa berria babestu du, eta lehen mailako proba izaten jarraitzen duela berretsi du.

Horiez gainera, ume eta gazte mailetako lehiak ere ikusgai egongo dira, 10:40etik aurrera. 11:30ean Txupete izendatutako proba hasiko da, sei urte baino gutxiagoko umeei begirakoa. Iaz 100 ume batu zirela nabarmendu du Hernandezek. Azkenik, 12:00etan irtengo dute afizionatu eta elitekoek, 34. edizioko txapelaren bila.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!