Iurretarrek eurentzat gordetako aparkalekuak izango dituzte

Anboto 2014ko abu. 28a, 13:24
Tellituko aparkalekua gordeko dute, besteak beste, iurretarrentzako.

Aparkalekuak beste modu batera antolatzeko ordenantza onartu dute behin behinean uztaileko osoko bilkuran. Urrixena jaiaren ostean egingo dituzte aparkalekuei dagozkien aldaketak. Herrigunean aparkatzea ez da erraza gaur egun; mugikortasun azterketa baten ikusi dutenez, jende asko ibiltzen da bueltaka aparkaleku bila, iurretarrak tartean.

Tellituko aparkalekua, adibidez, beti egoten da beteta, eta azterketaren arabera, hiru autotik bat Iurreta kanpokoa izaten da. Arazoak konpontzeko eta iurretarrei lehentasuna emateko, herritarrentzat gordetako aparkalekuak atonduko dituzte: Tellituko aparkalekua iurretarrentzat mugatuko dute eta Zubiaurre eta Bidebarrietan ere izango dituzte aparkatzeko lekuak. Herritarrek txartel bat atera beharko dute.

Gainera, kotxea ordu eta erdi gehienez uzteko lekuak atonduko dituzte, erosketak eta tramiteak egiten dituzteentzat. Doakoa izango den parkimetro batekin, Askondo kalean eta Bidebarrietan egongo dira plaza horiek. Aparkaleku libreak izaten jarraituko dute Maspeko aparkalekuek, Paduretako parkingak eta Ibarretxekoak.

Askondotik Bidebarrietarako bidea trafikoari ixtea ere aurreikusi dute. Alegazio epean dago orain testua, eta iraila amaieran plenotik pasatuta, Urrixena jaiaren ostean hasi gura dituzte lanak.

Foroetako ekarpenak
Maiatzean egindako bi forotan udaletik proposatutako aldaketak eztabaidatu zituzten. Hasieran herriguneko iurretarrentzako planteatu ziren aparkaleku mugatuak, eta foroetan irtendako ideiekin, iurretar guztiek, auzoetako herritarrek barne, edukiko dute txartela ateratzeko aukera.

Horrez gainera, trafikoa gutxitu eta abiadura moteltzeko neurriak ere onartu dituzte: Kamioiak ezingo dira Bidebarrieta kalean sartu eta autoek herri barruan gehienez 30 km/h abiaduran gidatu beharko dute.   
Bildu abstenitu egin da bozkaketan. Zinegotzien iritziz, foroetan herritarrek emandako iritziak “ez dira guztiz aintzat hartu” azken testua egiterakoan. Iñaki Totorikaguena alkateak esan duenez, “hainbat iradokizun ezin izan dira kontutan hartu, baina mahaigainean daude”. Herritarren interesa nabarmendu du: “Jende askok parte hartu zuen foroetan, ikusten da herritarren ardura bat dela”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!