Arriaundiko pastelgintza arloko langileek protesta deitu dute eguenerako

Anboto 2014ko abu. 27a, 13:39
Uda aurretik greba mugabakoan egon ziren pastelgintzako langileak eta hainbat mobilizazio egin zituzten.

Enpresako zuzendaritzaren azken proposamenagaz ados ez, eta mobilizazioak hasiko dituzte. Bihar, eguena, 12:00etan kontzentratuko dira Durangoko Andra Marin. Lanpostu denak orain arteko baldintzetan mantentzea gura dute, pastelgintzan ez bada, okindegi arloan, eta bi ataletarako negoziazio unitate bakarra sortzea eskatzen dute.

 

Uda aurretik Arriaundi SL-ko zuzendaritzak kontratuak eteteko erregulazio txostena eskatuta zeukan. Azkenean, baina, atzera bota eta ez dute txosten hori aurkeztu. LAB sindikatuaren ustez, "greban zeuden langileen presioagatik" erretiratu dute txostena, eta baita, "onartuko ez zietela ikusten zutelako ere".

Azken astean proposamen berria jaso dute pastelgintzako beharginek. Pastelgintza atala itxiko ez dutela esan dute, eta langileei hiru bide emango dizkietela: Lanpostu batzuk okindegian subrogatuko dituzte, beste batzuk pastelgintzan mantenduko dituzte eta azken batzuk kalteordainagaz kaleratuko dituzte. LABen ustez, "zuzendaritzaren azken helburua pastelgintza ixtea da", eta momentu honetan aurkeztutako proposamenagaz ez daude ados: kalteordainak "huskeri bat" direla diote, eta subrogazioa langile guztiei aplikatzea gura dute: "Zuzendaritzak okindegiko baldintzekin mantendu gura ditu lanpostuak, eta subrogazioetan legez, orain arteko eskubideak mantendu behar dizkigute". Uda aurretik okindegiko atalean soldaten jeitsiera adostu zutela gogoratu du LABek.

Hamabost langile ditu pastelgintzako atalak, eta LABen arabera, guztiek egin dute bat mobilizazioekin. Lanpostuak orain arteko baldintzekin mantentzeaz gainera, Arriaundi SL-ko bi fabrikek negoziazio unitate bakarra izatea gura dute, "benetan enpresak dituen arazoei buruz berba egiteko eta irtenbide posibleak aurkitzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!