Ez dute akordiorik lortu Arriaundiko pastelgintza ixteko prozesuan

Anboto 2014ko uzt. 10a, 15:55
Gaur iluntzean Goienkalen egingo dute protesta, eta bihar eguerdian Andra Marin.

Gaur izan dute azken eguna adostasunera heltzeko, eta ez da horrela izan; Arriaundi SL enpresako zuzendaritzak pastelgintza lantegiko beharginen kontratuak etengo ditu laster, zuzendaritzak proposatutako baldintzekin. Aste honetan hainbat elkarretaratze egin dituzte langileek eta datorren asterako dei bi egin dituzte: Martitzenean, 12:00etan Andra Marin eta eguenean 19:00etan Goienkalen egingo dituzte kontzentrazioak.

Arriaundiko pastelgintza lantegian hamabost behargin egon dira lanean, eta ordezkari sindikala LABekoa da. Uztailaren 4an greba mugabakoa hasi zuten hamabost langileek. LABek dionez, astelehenean zuzendaritzagaz batu ziren, erregulazio txosteneko proposamenari buruz berba egiteko, eta mahai gainean ipinitakoa “eskasa baino eskasagoa” iruditu zitzaien; “atzera egin dute”. Ez dira bat etorri langileen birkokatzeekin eta kalteordainekin.

LABen arabera, hasi dira pastelgintzako lantegia husten, eta beharginak greban diren artean, langileak aldi baterako laneko enpresen bidez hartu dituzte.  

Okindegiaren egoera
Arriaundi SL enpresak bi lantegi ditu: okintza arlokoa bata eta pastelgintza arlokoa bestea. Pastelgintza arlokoa itxi, eta okintza arlokoan soldata murrizketak egingo zituztela adierazi zuen zuzendaritzak apirilean.

Okindegiko langileek soldatak murriztea onartu dute. Bertako ordezkaritza ELAk eta CCOOk daukate. LABen arabera, sindikatu horiek “burua makurtu dute”. “Okinek eta pastelegileek elkarrekin negoziatuko genuela adostu genuen, eta, azkenean, okindegikoek soldata jaitsiera onartu dute”. ELAk, bere aldetik, langileen erabakia errespetatu duela esan du ohar bidez: “Lantegia ixteko meatxuaren aurrean, soldata jaitsiera onartzea erabaki zuten.”

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!