Duela 60 urteko kotxea ardatz, auto elektrikoa egin dute Iurretako Institutuan

Anboto 2014ko mai. 6a, 13:05
Maiatzaren 15etik 18ra Rotterdamen (Herbeherak) izango dira, Shell enpresak antolatzen duen eko-lasterketan. 1953an Doñiturri y Estancona fabrikan egin zuten 'Estancona' modeloa hartu dute ardatz. Auto hura ezin izan zuten merkaturatu, baina ahal izan balute, Espainiako lehen autoa izango litzateke.

 

Iurretako Institutuko lehenengo mailako ikasleak dira autoa egiten buru-belarri ibili direnak. Shell Eco Maraton proban parte hartuko dute beste 208 talderen artean. Proban, Rotterdameko zirkuitoari ahalik eta buelta gehien eman behar diete parte hartzaileek, ahalik eta energia gutxien kontsumituta. Bataz beste 25 kilometro orduko baino gehiago korritu behar ditu proban, eta horregatik, pisuz arina izatea hartu dute kontutan, besteak beste.

Autoaren diseinuagaz 'Estancona' autoa egin zutenei omenalditxo bat egin gura izan diete. Durangon 1953an fabrikatu zen kotxea da berau, eta Madrilen homologazioa lortu bazuen ere, ezin izan zuen seriean fabrikatzeko lizentziarik lortu. Jabi Arbeo irakasleak kontatu duenez, "Nicolas Franco, Franco diktadorearen anaia, zen ministroa, eta harek dirua eskatu zuen lizentziaren ordez. Jose Estankonak ezetz erantzun zion". Lizentzia hori lortu izan balu Espainia mailan fabrikatu eta merkaturatuko zen lehen kotxea izango litzateke, Seatek 600 autoa 1964an sortu baitzuen. Durangoko enpresari tixkiak Europako joerei begira zeudela azaldu du Arbeok: "Ikusten zuten laster automozioak berebiziko garrantzia izango zuela garapen ekonomiko eta sozialean". Bere garaian hiru kotxe egin zituzten Durangoko fabrikan, eta bakarrak iraun du. Jose Estankonaren seme Iñaki Estankonak dauka auto hori.

Espezialitate askoren talde-lana

'Urkiola' izeneko modeloaren prestaketan institutuko hainbat arlotako ikasleek parte hartu dute: Mekanizazioa, Ibilgailuen Elektromekanika, Administrazio Kudeaketa eta Mendekotasunean dauden pertsonen arretarako zikloko kideak izan dira. Batzuk diseinuaz eta funtzionamenduaz arduratu diren artean, fakturez eta Rotterdamerako bidaiaz arduratu dira, esate baterako Administrazio Kudeaketako ikasleak.

Azaroan hasi ziren proiektuaren aurrelanagaz, eta urtarrilaren amaieran hasi zuten autoa bera egiteko prozesua. Piezak erosi beharrean diseinatu eta berrerabili egin dituzte gehienak. "Suspentsioa, amortiguadoreak, frenoak, kotxearen direkzioa... hau dena diseinatu, ajustatu eta montatu dute", azaldu du Jabi Arbeo irakasle eta proiektuaren zuzendariak. "Erosi barik, egin gura izan dugu, eta egiten jakitea da ikasleek orain daukaten plusa".

Ikasleen inplikazioa

Ordu asko sartu dituzte ikasleek proiektuan. Nekatuta, baina egindakoagaz oso pozik direla azaldu dute aurkezpenean: "Goizetik gauera egon gara, baina gustora egon gara, eta batzutan denbora konturatu barik pasatu zaigu". Aste Santuan eta Maiatzaren 1eko zubian ere berandura arte lanean ibili dira. Irakasleek nabarmendu dute, proiektu baten bidez ikasteko metodoak ikasleen potentzialidadeak azaleratzen dituela. Jabi Arbeo haratago joan da: "Urte asko da ez dudala alboan halako kalitateko lantalderik izan". "Gaurko gazteak motibazio barik dabiltzala esaten dute batzuek, baina argi dago hori ez dela horrela".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!