Kontsumo neurriak hartuz gero, argiaren faktura %57 gutxitu ahalko da Iurretan

Anboto 2012ko eka. 10a, 08:31
Bi hilabetez argiteriaren eraginkortasun energetikoa neurtzen jardun dute; laster udal eraikinen kontsumoa aztertuko du EEEk

Bi hilabetez argiteriaren eraginkortasun energetikoa neurtzen jardun dute; laster udal eraikinen kontsumoa aztertuko du EEEk.

 

Argiteria mota, kontsumo maila, potentzia, ordutegiak, erregulazioa... Iurretako kale argiteriaren alderdi batzuk aztertzen jardun du Consultoria Luminica izeneko merkatari-etxeak. Bi hilabetez herriko argi iturriak aztertu eta gero, kontsumoa gutxitzeko hainbat neurri proposatu ditu. Neurri horiek martxan ipinita, Iurretako faktura %57 gutxituko litzateke, ikerketaren arabera. Proposatutako neurriak aplikatzeko, 200.000 euro inbertitu behar ei dira.

 

Herrigunean 106 area aztertu ditu Consultoria Luminicak. Guztira, kale multzo, etorbide, parke eta enparantzetako 1.197 argi puntu eta 28 aginte zentro aztertu ditu.

 

Kale argiteriaren azterketa horrez gainera, Iurretako Udalak EEEren bidez udal eraikuntza publikoen kontsumoa aztertzeko ikuskaritza ere egitea aurreikusi du. Iurretako alkate Iñaki Totorikaguenak azaldu duenez, “azterketa bien emaitzak ikusi eta gero, aurrezte energetikorako eta aurreikusitako efizentzia hobetzeko neurri eta ekintza egokiak aztertuko dira”. 
 

 

Argiterian aldaketak eginda, aire kalitatea hobetu eta berotegi efektua sortzen duten gasak gutxitzea lortuko dela adierazi du Totorikaguenak. Kale argiteriaren lehen azterketa hau egiteko 15.126 euroko kontratua sinatu zuen udalak Consultoria Luminicagaz.

 

Argiteria berriagaz zaharra ordezkatzeak aurrezte handia ekar lezake. Durangon, esaterako, horrelako lanen datuak eman dituzte, eta Landako Gunean 662 lanpara aldatuta, energia %68 aurreztu dute.

 

Distiraren kutsadura

Argi kutsaduraren ebidentzia argiena zeruan gauez sortzen den laino moduko distira da.  Argi artifiziala islatu eta zabaldu egiten da  gas eta aire partikuletan eta horrek zeruak baldintza naturaletan duen kalitatea aldatu egiten du, izarrak estaltzera iritsi arte.

 

Gastu energetikoaz eta ekonomikoaz gainera, bide segurtasunean eta aire trafikoan kalteak eragiten ditu argi kutsadurak, eta gaueko ekosistemarentzako ere kaltegarria da. Izurriteak eta denboran irauten duten ingurugiroko aldaketak sortu ditzake argi kutsadurak. Adibidez, ikerketa batzuen arabera, argi artifiziala denbora luzez jasotzen duten arbola batzuetan, gauez fotosintesia alderantziz egiten dutela ikusi dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!