Asto Trail mendi lasterketa berria antolatu du Garaiko Triatloi Taldeak azaroaren 6rako

Joseba Derteano 2016ko urr. 25a, 12:30
Argazkia: Ibai Bengoa

Garaiko Triatloi Taldeak mendi martxa eta mendi lasterketa bana antolatu ditu azaroaren 6ko domekan. Lasterketa nobedadea da, lehenengoz antolatuko dute eta Astro Trail izena jarri diote ibilbideko tontor bat Astomendi deitzen delako. Mendi martxak, aldiz, hirugarren aldia egingo du.

Korrika zein mendi bizikletan Garaiko eta inguruetako bideak ondo ezagutzen dituzte GaraiTTko kideek. Jakintza horrekin diseinatu du ibilbidea Ander Azpitartek: “Toki batetik igaro, inguruko beste bide bategaz gogoratu eta ‘bide hauek lotzeko moduren bat egongo da ba’ pentsatzen genuen. Urte osoan sarritan ibiltzen garenez… Horrela hasi ginen, apurka-apurka, puzzlea osatzen”.

Mendi proba 09:30ean hasiko da Garain eta 28 kilometro ditu, 1.800 bat metroko desnibel positiboagaz. Ibilbide “gogor samarra” da Azpitarteren ustez.  Hasieran “nahiko igoera luzea dago” zortzi bat kilometrotan, Oizera heldu arte: Berrizko Sarria auzotik Sarrimendira igoko dira lehenengo, eta Oizera ostean. Handik Kortaguren auzotik (Bolibar), San Kristolabetik eta Maguna auzotik (Muxika) ibiliko dira. Tontor batzuk igarota Garaira itzuliko dira. Ametsorbe da tontor horietako bat. Zuhaitzen eta harrien arteko aldapa batzuk sokari helduta igoteko modua egongo da: “Ordurako nekatuta ere joango dira eta sokek lagundu egiten dute. Tarte gogorra da, baina aldi berean oso polita ere bai”.

Mendi martxa 09:00etan hasiko da eta 18 kilometro ditu, 1.400 metroko desnibel positiboagaz. Aurten hirugarren aldia du eta sortu zutenetik parte hartze zabala izan du. Oizera heldu arte lasterketaren ibilbide beretik joango dira. Oizen Askako mendirantz hartuko dute oinezkoek.

Lasterketarako izen-ematea zazpi euroko da aurretik eta hamar egunean bertan. Mendi martxa, berriz, bost euro dira aurretik eta zortzi egunean bertan.  Garaiko Triatloi Taldearen webgunean (www.garaitt.com)  apuntatu daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!