“Emozionatuta eta pozik gaude, Garaiko jaiak hasteko gogoagaz”

Anboto 2016ko uzt. 22a, 13:55

Txosna muntatuta dutela, jaiak hasteko prest daude Trumoittekoak. Gogotsu agertu dira elkarrizketara, eta indarra beharko dute, bai: bederatzi eguneko jaiak dauzkate aurretik. Santiago, Santa Ana eta San Inazio lotuko dituzte jai giroan. Garaiko aste nagusia, beraz. Aurten, erregelen erakustaldian neskek bakarrik egingo dute dantza, eta horixe da nobedade esanguratsuena. Zelan ez, erromeria ere protagonista izango da, herritarren eta inguruko dantzazaleen gozagarri.

Zelan doaz azken lanak? Dena prest?
Alazne Sarrigoitia: Egitaraua prest dago, eta azken gauzak egiteko ditugu: beheko eta goiko txosnak atondu, azken erosketak egin... Emozionatuta eta pozik gaude, jaiak hasteko gogoagaz. Ea eguraldiak laguntzen digun! Aste barruko ekintzetan, euria egiten badu, ez da ezer gertatzen; pilotalekura joango gara. Baina erromeria dagoenean euria egiten badu, pena izango da. Momentuz ona datorrela diote.

Zenbat lagun zaudete antolatzaile taldean?
Jokin Arregi: Momentu honetan Trumoitte kultur elkartean hamar bat lagun gabiltza. Jai egunetan, barrarako esku bat botatzen digu jendeak, eta berdin barandak edo mahaiak ipini behar badira.

Aurtengo jaiei begira, zer nabarmenduko zenukete?
J.A.: Erregelen erakustaldian, hilaren 25ean, arratsaldez, aurten neskak bakarrik etorriko dira. Bederatzi bikote izango dira guztira: Mañaria, Izurtza, eta  Iurretakoak; Durangoko Kriskitin, Tronperri eta Txoritxu Alaikoak; Berrizko Iremiñekoak; Galdakaoko Andra Marikoak eta Garaikoak.
A.S.: Bai, mutilak egoten direnean baino talde gehiago datoz.

Ekintza ugari ohikoak izaten dira jaietan. Baina, ba al duzue nobedaderik?
A.S.: Nobedade lez, hilaren 23an antzerki bat egongo da, The Funes Troup. Emanaldi mutua izango da.
J.A.: Bestalde, egunik indartsuena 30a izaten da, Luhartz egoten denekoa.
A.S.: Aurten, gainera, egun horretan ipini dugu herri bazkaria, eta beraz, herritarrentzat egun luzea izango da. 29an ere ea jendea animatzen den Dj Bullekin.
J.A.: 31n umeen eguna izango da, eta, aurreratu ezin dugun arren, eurentzat sorpresa bat egongo da.

Eta zuei, pertsonalki, zein ekitaldi edo egun gustatzan zaizue gehien?
J.A.: Niri 26ko eguna gustatzen zait, Santa Ana eguna. Goizetik hasten gara martxan, eta tortillekin giro ederra egoten da. Gauerako errementatuta heltzen gara, baina eguneko parranda ona da. Adinagatik izango da igual (barrez).
A.S.: Nik 30eko jaia aipatuko nuke. Asko disfrutatzen dut, eta aurten agoantatzea espero dut, goizetik hasiko baikara.

Garai herri txikia da, baina jaietara jende ugari etortzen da, ezta?
A.S.: 30ean plaza beteta egoten da. Beste egunetan ere etortzen da jendea, baina txarrena izaten da aurreko asteburuan Otxandioko eta Zornotzako jaiekin bat egiten duela sarritan.
J.A.: Eguraldiak ere asko eragiten du. Izan ere, oso ona eginez gero, jendea hondartzara joaten da. Bestalde, aurten 26a lan eguna da, eta beraz, batez ere herrikoak egongo gara. Baina nahikoak gara. Iurretako jubilatuak-eta ere etorriko dira (barrez).

Lehenago, kontzertuak ere antolatzen zenituzten pilotalekuan...
J.A.: Nire ustez, herri giro handiagoa sortzen da beheko partean. Pilotalekuak duen onena da euria egiten badu estalpe bat duzula.
A.S.: Hala ere, ez du arrakasta berdina. Iaz euriagatik pilotalekuan egin zen erromeria bat, eta jende gutxi egon zen.

Dei berezirik bai?
A.S.: Bai. Bazkari egunean herri olinpiada batzuk egitea pentsatu dugu. Jendea parte hartzera animatzen dugu! Bazkalostean dagoen animoaren arabera erabakiko dugu olinpiadak egin ala ez.

Zuen ustez, zelako jaiak dira Garaikoak?
J.S.: Herrikoiak direla esango nuke, eta tradizioa nahiko ondo mantentzen dela.
A.S.: Herritarrak elkartzen garen egunak izaten dira, eta hain zuzen ere, horretarako antolatzen ditugu jaiak: herritarrek disfrutatzeko. Ni, behintzat, urte guztian aste honen zain egoten naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!