Jakoba Errekondo: "Aisialdiko baratzeak oso inportanteak dira, eta udal gehiagok sortu beharko lituzkete"

Anboto 2015ko api. 17a, 10:00
Jakoba Errekondo agronomo eta paisajista. (Argazkia: Argazkipress)

Landare eta lorezaintza azoka egunean, Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistak baratzearen gaineko herritarren galderak erantzungo ditu domekan, 11:00etan Garaiko kultur etxean.

Euskadi Irratiko ‘Landaberri’ saioan egiten duen antzera, baratzeei, landareei eta, oro har, nekazaritzari lotutako herritarren dudak eta kezkak argitzen saiatuko da Jakoba Errekondo agronomo eta paisajista. Horretaz gainera, solasaldi horretan ‘Bizi baratzea’ izeneko liburua ere aurkeztuko du lehenengoz jendaurrean.


Zer jasotzen du asteon inprimategitik irten berri den liburuak?
Argia astekarian astero idazten dut artikulu bat, eta 20 urte joan dira hasi nintzenetik. Hori dela-eta, baratzearen inguruko liburu bat idazteko eskatu zidaten. Batetik, oinarrizko informazioa jaso dut: baratzea non jarri; lurraren, uraren eta argiaren garrantzia zenbatekoa den; nola eta noiz erein eta landatu; ongarri naturala zelan lortu… Baratzean sortzen diren arazoei buruzko argibideak ere badaude: esaterako, gaitz eta izurriteei aurre egiteko modu naturalak zeintzuk diren. 36 barazkiren eta hamabi belarren inguruko fitxak ere jasotzen ditu askotariko informazioagaz. Bestetik, lehendik baratzearen mundua ezagutzen duenarentzat aholkuak eta trikimailuak ere irakurri daitezke.

Topaketaren zatirik handiena, hitzaldi erara barik, herritarren galderei erantzuteko erabiliko duzu.
Jendearen zalantzak argitzen saiatzea askoz egokiagoa dela uste dut. Gainera, hitzaldi luze batera baino jende gehiago etortzen da galdera-erantzunetan oinarritutako saio batera.

Iaz, Arrasateko solasaldi batean, lur publikorik ia ez dagoela adierazi zenuen, eta baita horren gaineko kezka plazaratu ere. Hain larria dela uste duzu?
Araban eta Nafarroan ez, baina Bizkaian eta Gipuzkoan oso arazo larria da. Administrazio publikoek dute arazorik larrienetakoa. Etorkizunean kalitatezko bizimodua eta lanpostuak nahi baditugu, gure herrietan lurra beharko da, eta lur horri lotutako proiektuak garatu beharko dira; adibidez, nekazaritzaren, turismoaren eta zerbitzuen gainekoak.

Nekazariak pribatizazioaren esklabo bihurtzen direla aipatu zenuen.
Bai, noski. Euskal Herrian guk jaten dugunaren %5 ekoizten dugu. Gainerakoa kanpotik dator. Marokora, Perura, Txinara edo Afrikara joanez gero jaten ditugun elikagaiak nola ekoizten dituzten ikustera, seguru nago negar egiteko arrazoiak aurkituko genituzkeela. Gaur egun, etorkizuna lurrari lotuta dago. Etorkizuneko enpresa garrantzitsuenak elikagaiari lotutakoak izango dira, eta ez, esaterako, autoak edo hegazkinak egiten dituzten enpresak; horko langileek ere jan behar dutelako. Txina eta India lurrak eurenganatzen dabiltza Afrikan eta Hego Amerikan. Gure haziak erosten eta patentatzen dabiltza. Transgenikoak sortzen dabiltza, baina ez goseari aurre egitera zuzenduta, negoziora bideratuta baizik. Dirua daukana horretan inbertitzen dabil; hori da etorkizuneko inbertsiorik potenteena. Eta etorkizuneko gerrak gosearen inguruan egingo dituzte. Arma asko izanda ere, jatekorik eta urik ez baduzu…

Azken urteetan ortu ludikoen aldeko apustua egiten dabiltza udal asko. Zer deritzozu?
Aisialdiko baratzeak sortzeak adierazten du jendeak baduela horretarako gogoa, eta, aldi berean, jaten dugunaren inguruko kezka ere badagoela. Aisialdiko baratzeak oso-oso inportanteak direla uste dut, eta udal gehiagok sortu beharko lituzkete. Iruditzen zait hori dela oinarria, etorkizunean, gure ondorengo belaunaldiek lurragaz lotura izaten jarraitu dezaten, eta jakin dezaten gure bizitzaren kalitatea hor dagoela. Horrek bertako produktuen sustapena ekarriko du, eta kalitatezko nekazaritza egiten duten inguruko baserritarren lana benetan baloratzea ere bai. Administrazio publikotik hori guztia sustatzea nahitaezkoa izan beharko litzateke.

Euskal Herriko gune asko pinuz eta eukaliptoz beteta ikusteak zer gogoeta eragiten dizu?
Bururik gabe jokatzen gabiltzala. Basoa beste alor garrantzitsu bat da. Basoa ondo kudeatzen jakin izan dugunean, XVI. eta XVII. mendeetan gutxi gorabehera, Euskal Herria munduko potentzia handietako bat izan da; basoa zen gure energia, basoetan diseinatzen genituen gure galeoiak arrantzara, merkataritzara zein gerrara bideratzeko. Azken mendean, aldiz, basoak  paperaren industriaren mesederako bakar-bakarrik landatu, zaindu eta diseinatu dira. Hori gure kudeaketaren arazo bat da, eta mahaigaineratu beharreko gai bat da. Geure buruari galdetu behar diogu zertarako nahi ditugun basoak.

Paisajista ere bazara; ingurua arteagaz lotzeko ahalegin horrek zer eskaintzen dizu?
Nire espezialitatea paisaia kulturala da. Guk ikusten dugun paisaia guztia kulturala da; Euskal Herrian ez dago metro karratu bat bera ere guk sortua ez dena edo naturala dena. Hor dago gure arterik inportanteena. Orain dela 10.000, 1.000 edo 500 urte egiten zituzten gauzak hor daude, paisaian, eta horiek irakurtzen jakin behar dugu. Paisaia horretan dago gure ondare guztia, izan garena. Hori itzelezko akuilua da niretzat.

Zein da zure iritzia genetikoki eraldatutako hazien gainean?
Gauza bat da zientziaren ahalmena transgenikoak sortzeko, eta beste bat da transgeniko horiek zertarako sortzen ditugun. Demagun hainbat pertsona artatxikia janez bizi direla, baina ezin dutela ekoitzi gosea kentzeko beste; bada, egin dezagun transgeniko bat artatxiki zoro horien ekoizpena laukoizteko. Baina, jakina, hori ez zaie interesatzen, burujabetza ematen duelako. Hori da gerra nagusia, burujabetza eta burugabetzearen artekoa, eta burugabe nahi gaituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!